Azkoitia

Industria militarra

2025eko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Zedarriak enpresa foroak Euskal Autonomia Erkidegoa Europar Batasunean berrikuntza eta lehiakortasunean lider gisa sendotzea du helburu, eta, horretarako, etorkizuneko erronkei aurre egin behar zaie, hezkuntza egokituaren eta gizarte zibilaren parte-hartze aktiboaren bidez.

Lehen begiratuan, erkidegoko edozein herritarrek bere gain har ditzakeen helburu interesgarriak dirudite, baina foroaren zuzendariak, besteak beste, industria militarra aukera zoragarritzat jotzen duenean, jada ez dirudi hain polita denik. Eta ez dezagun ahaztu gaur egun EAEn badirela industria mota horretan aritzen diren enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta entitate finantzarioak.

Bestalde, NATO daukagu, bere kide diren estatuei exijitzen ari zaiena armatan gehiago inbertitzeko, eta batzuk hori betetzen ari dira neurri handi batean, AEBen akolito on gisa. Eta hau guztia, hiltzeko. Hori da armek egiten dutena, ez dute beste ezertarako balio, erasoan edo defentsan. Planetan bizi garen guztion bizitza hobea eraikitzeko ahaleginak egin beharrean, suntsipena, beldurra, sufrimendua eta heriotza sortzea proposatzen dute.

Izugarria da enpresarien eta politikarien buruzagiek hiltzea negozio gisa defendatzea. Mertzenario bihurtu dira, haiek bezala hilketekin dirua irabaziko dutelako, eta zenbat eta gehiago hil, orduan eta gehiago irabaziko dutelako. Baina, armak erabiltzearen hain aldekoak direnez, lehenik eta behin beren buruarekin probatzea proposa daiteke. Mesede handia egingo liokete gizateriari.

Izugarria eta tristea ere bada herritarrek erokeria honen aurkako jarrera sendoagoa ez hartzea. Eta ez esan ezin dela ezer egin. Hasteko, armen eta gerren aurka mobilizatu gintezke, eta intsumisioarekin jarraitu maila guztietan: kuartelak, enpresak, unibertsitateak, kalea...

Ez dugu inoiz ahaztu behar gerra guztietan heriotza, sufrimendu eta suntsipen asko gertatzen diren bezala, mundu mailan izan diren azken bietan,  23 milioi pertsona inguru hil zirela Lehen Gerra Handian eta beste 60 Bigarrenean. Eta Hirugarren Gerraren aukera elikatzen jarraitzen dute. Izan ere, ez dugu ikasten.

Bigarren Mundu Gerraren amaieran, 1945ean, Nazio Batuen Erakundea sortu zen, nazio kideak bildu, arazo komunak eztabaidatu eta gizateria osoari mesede egingo dioten irtenbide partekatuak aurkittzeko. Hau da, borroka belikoa saihestea eta irtenbideak elkarrizketaren bidez bilatzea.

Badakigu zer egin behar den eta zer ez. Has gaitezen horretan.

Arma gehiagorik ez, gerra gehiagorik ez!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.