ZUZENDARIARI

Independentzia-gosea ezin asea

Pasai Donibane.
2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Anje Duhalderen «maita nazazu gutxiago, ta goza nazazu gehiago» hura burmuinean iltzatua dut, tamalez, azken urteotan. Izan ere, Mikel Laboaren «maite ditut maite gure bazterrak» bere hartan sentitzen, ferekatzen dihardugu, baina abestiak berak dakarren ura, itsaso zakarrak darama, tokitara, gainera. Gure bihotzeko azukre koxkorra da euskararen herria. Nolanahi ere, duela zenbait mende haienganatu gintuzten horien lurralde-banaketa, zuzenean edo zeharka bada ere, gero eta barneratuago dugu, eta bitxia, sinestezina izanagatik, gu geu ere zatitu gaituzte.

Pentsaezina dirudien arren, gero eta gutxiago eragiten digu nonahi gure nazioa banatuta ikusteak, espainiarren nahiz frantziarren herri-ikuspegia bera onartzeraino. Hasieran arrotza izan, ikusten ohitu, eta, ozta-ozta jabetzerako, itsuak baino itsuago bilakatu gaituzte. Ugari dira independentziaren kaskoa, gailurra amets, kaskoa astintzen buru-belarri ari diren herri-mugimendu, erakunde eta abarrak. Hala ere, ez al zaitu sekula harritu xede bakarra izaki, horrenbeste elkarte sortu izanak?

Noranzko berean jardungo balute, gaitz erdi. Hori gutxi ez, eta elkarri mokoka, zernahi leporatuz eta traineruaren boterea nork lortuko, elkarren lehian sumatu izan ditut haietako asko eta asko.

Mende luzeetan gure hizkuntza, nortasuna, eta abar suntsitzen ahalegindu direnei baino gorroto handiagoa diegu gotorleku bihurtu nahi ditugun taldeetako kide ez direnei. Are gehiago, nork bere etxeko arauak ezarri nahi dizkio albokoari, eta onartu ezean, animaliak balira bezala, zokoratu, baztertu egiten ditu. Ni neu horren guztiaren lekuko izan nauzu zenbaitetan, nola historia lantzen dutenen artean, hala kultura herriko enparantzetan plazaratzen dutenen artean. Gure teilatuari harrika jarduteak berriz ere eraiki beharreko etxe horretan itoginak baino ez ditu eragingo, eta, denborari gailentzen ez bagatzaizkio, haren itsaso zakarrak betiko urperatuko gaitu.

Aurreko guztiaz gainera, oso gogoan ditut sarritan soinean itsatsi izan ditugun aldarrikapen-ikurrak. Egia da, beharbada, gure biziraupen-orro baino ez zirela. Hala ere, adibidez, armarria ikusteak arma harri sendo bilakatzen zuen, eta nor eta nolakoak ziren, eta garen gogorarazten zigun. Zoritxarrez, baina, haiek ere hantxe geratu dira: oroimen-kutxan zimurtuta.

Dena dela, dirudienez, hondar asteotan, negu gorriak udaberri gorri-gorria dakarkigu, Arnaldo Otegi espetxetik irten eta ondorengo adierazpenak, Ipar Hegoa Fundazioak eta EHUko Parte Hartuz taldeak Euskal Estatua irudikatzen ikerketa aurkeztu izana edo Aberri Eguneko deiadarrak, kasu. Hilabete bakarrean, luzaroan otzan-otzan egon den piztialeheneratu da, antza, lozorroan zegoen jendartea esnarazi omen du. Hortaz, ea sasoi honetako olatuak sasoi betean harrapatu eta Euskal Herria bere onera ekartzeko gai garenita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.