Igor Urrutikoetxea joan egin zaigu. Eta bere martxak hutsune franko utzi ditu, ez soilik lagun eta burkide ginenon bihotzetan, baita internazionalismo eta herrien arteko elkartasunaren zeruan ere. Gaztetatik beste latitudeetako mapetan barrena ibilia imajinazioaz, irakurketaz edo motxilaz. Eta beti, beste herriekiko jakin-mina, errespetua eta bertatik sortzen den elkartasun sentimendua. Gure Euskal Herritik mundura; mundutik gure Euskal Herrira; borrokan den herri batetik borrokan diharduen beste herri batera.
Askapenaren eskutik hainbat aldiz brigadista eta beti laguntzaile, bultzatzaile amorratua. Beti zorrotz kritika egiteko orduan, fundamentuzko militanteen eskolakoa. Eta beti hutsik egin gabe. Igorrek beti eraman du Askapena bihotzean, eta Askapenak asko zor dio Igorri.
Lan eskerga egin zuena sindikatuaren barruan, behin eta berriro aldarrikatuz internazionalismoak jokatu beharreko paper estrategikoa herri honen askapen prozesuan. Eta beti maisutasunez uztartuz ikuspegi internazionalista eta eginbehar diplomatikoak. Horra hor gure Urrutiren abilezia!
Herri honen borrokan inplikaturik zegoen goitik behera. Igorrek ulertzen zuen internazionalismoa posible den modu bakarrean: herri propioan inplikaziotik abiatuta.
Oraingo bidaiak hutsune handia utziko digu. Baina izarren antzera, fisikorik desagertu eta gero, denbora luzean jarraitzen dugu euren argia ikusten. Zurea ez dugu ahaztuko, Igor.
Zuzendariari
Igor, izar internazionalista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu