Zuzendariari

Igeldotarrei babesa

Nabarnizko alkatea.
2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Igeldok Gipuzkoako 89. udalerri izateko duen nahia agertzeko bihar egin asmo duzuen herri galdeketaren aurrean, Nabarnizko herritarren izenean, animoa eta elkartasuna adierazi nahi dizuet.

Igeldo urte luzez ari da desanexiorako bidea jorratzen, herritarrekin gaia lantzen eta eztabaidatzen, duten herri izaera mamitzen, eta duela 10 urtetik gora erabaki zuen gehiengoak Donostiatik bereiztea eta horretarako bideari ekitea.

Nahi hori aurrera eramateko egindako bidean, ordea, oztopoak ez ezezkoak jaso izan ditu orain arte, baina igeldotarrei beren iritzia eskatu gabe.

Zuen asmo berarekin Bizkaian lanean ari den Usansolo Herria plataformari gure babesa eta elkartasuna agertu izan genion bezala, igeldotarrei ere berdin adierazi nahi diogu, eta bai Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Diputazioko ordezkariei eskatu ez dezatela oztoporik jarri igeldotarrek udalerri izateko nahiaren alde hartzen duten erabakiari.

Gure herriak aspaldi egin zuen Gernikatik bereizteko bide hori, eta ez dauka atzera egiteko asmorik. Aukera berbera du orain Igeldok, eta herritarrek dute hitza. Bihar egiten duten hautua entzun eta errespetatzea dagokie hori bideratu beharreko erakundeei, eta halaxe egiteko eskatzen diegu.

Beraz, nabarniztarren izenean, animoa adierazi nahi dizuet igeldotar guztiei, zeuen bidean aurrera egiteko ahotsa altxa dezazuen, herriaren aldeko erabakia har dezazuen. Gure babesa izango duzue bide horretan. Gora Igeldo! Besarkada bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.