Lehen konfinamendua gogorra eta luzea egin zen gehienentzat. Hirurogei metro karratuko pisu batean itxialdian egotea bi hilabetez ia traumatikoa izan da batzuentzat. Azken aste hauetan, berriz, gabonak nola ospatu ahal izango diren izan da askoren kezka. Eta kezka hori ulergarria da, askorentzat familia osoa gutxienez urtean behin elkartzeko aukera paregabea eskaintzen baitu.
Gehienentzat da hala, baina ez denentzat. Aspalditik bezala, beste urte batez ere ehunka etxetan aulki bat hutsik geldituko baita: hurkoengandik eta kasu ia guztietan Euskal Herritik ehunka kilometrora daude hainbat euskal alaba-seme eskuzabal. Batzuk erbestean, nola edo hala bizirauten, beste batzuk oraindik sasian, eta beste asko espainiar zein frantziar ziegetan bahiturik. Bi hilabete luze baziren, pentsa ezazue beraz 10, 20 edo 30 urte ziega txiki batean konfinaturik egoteak zer esan nahi duen.
Maiz gure interes propioak kolokan jartzen direnean mugitzen hasten gara, mobilizatzen gara, borrokatzen gara. Baina ez dugu ahantzi behar kartzelan direnak, batzuei gustatu ala ez, beraien interes partikularrak baztertu, eta egokiena iruditzen zitzaien bidetik herriaren/gure alde eman dutela dena. Eta hori kontuan hartuta, borrokara bultzatu zituzten arrazoiak konpontzeko mobilizatzeaz gain, etxera aske ekartzeko herri presioa indartzea da gure zeregina. Denok eman behar baitugu zerbait gutxi horiek berriz ere gurekin kalean egon daitezen.
Beraz, aurten ere, Hator neska mutil etxera kanta abestean, espetxeetara eta erbestera begira egingo dut. Ez zaituztegu ahanzten, ez zaituztegu ahaztuko, eta gurekin batera behar zaituztegu herri honen askatasunaren aldeko borrokan. Doakizue Urruñatik besarkadarik beroena, eta bereziki Lesaka eta Ibarrangeluko lagunei!
Maite zaituztegu!
ZUZENDARIARI
Hutsunea betetzeko garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu