ZUZENDARIARI

Hobe isilik

Oiartzun
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Desexualizatzen gaituzte; ala hipersexualizatzen. Ez gara besteak; edo oso gara beste.

Gure artean antolatzen garela eta begirada konplizeak usaindu daitezkeela. Badirudi paktu isilek ez dutela usainik.

«Zuek egin zuena», diote, «ez gara ba gu hasiko zuen ahots isilak zerrendatzen!». Soilik borroka bat eta bakarrera kondenatuta gaude.

Kritika feminista bat entzun ondorengo gizonezkoen isiltasun guztiak ez dira berdinak, badakigu.

Aliatuak ozen mintzo dira, baina Beñat Gaztelumendi isilik dago, asteazkenero emakumezko hiru bertsolarirekin biltzen, elkarrekin elkarrengandik bertsotan ikasten.

Erraz hartu dezakete dela gitarra bat, dela turuta txoro bat edozein unetan, edozein lekutan, edozeinen aurrean. Eta gu espazioak neurtzen edo sortzen. Irrigarri gelditzeak ez du berdin balio batean ala bestean.

«Aizu, erosi diot zure liburua amari!». Amari, hari. Hala esan ei zion gizonezko batek Karmele Jaiori, guri oraindik emakumezkoen literaturaz galdetzen diguten bitartean.

Horra hor zertzelada batzuk, Uxue Alberdik gurera egindako bisitan botatakoak, Kontrako eztarritik saiakeraren harira. Ari natzaio, hortaz, konplizezko begirada zuzentzen bertsolari feministari; eta ari naiz betikoaz hitz egiten, errepikatzen; eta banago leku eroso batean-edo argitaratzen, eta emakumetasunetik soilik emakumezkoentzat idazten...

Hizkuntzaren mugaz ziharduen hura, baina gurera ekarriaz, oraingoan ere gizontxo batek arrazoi: «Mintza ezin daitekeenari buruz isildu egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.