Ikastetxe publikoetako etengabeko grebek zeharo jipoitzen gaituzte; baina zigor latzagoa da botere publikoek hezkuntzan, eta osasungintzan ere, haien botere egoerari eutsi eta langileen beharrizanei muzin egiten dietenean. Langile horien atzean gure seme-alabak daude; ukitu ezin daitekeen altxorra da. Badirudi gobernuek gazteak errotik baztertzen dituztela; agintarien egoskorkeriaren erakusle da.
Gure herriko eskola eskola txikia da. Eta han ere baliabideak falta dira. Eskerrak irakasleen bokazio handiari, itsaso harrotuari ere aurre egiten diote. Baina ez ahaztu irakasle horien bizkarra zaintzen familiak gaudela, herritarrak, eta ez edozelakoak... Kontuan izan, Eusko Jaurlaritza maitea, aste honetan beste bi greba eguni aurre egin behar izan diegula, eta jakin ondo dakizue kontziliazio politikak ere ez direla aberatsak gurean; aberatsa gure bozkatzeko eskubidea da. Bihar-etzi gure seme-alabek gainbehera hau irauliko dutelakoan eta zuen aulki eta ate birakarietatik at bidaliko zaituzten esperantzarekin, agurtzen zaituztet.