ZUZENDARIARI

Herriak eta harriak

Ingeniaria
2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Euren ikurrak badituzte munduko herri guztiek eta askotan harriek dute eragin handi bat herri bakoitzaren historian. Euskal Herriaren kasuan, «Harri-jasotzaileak altxatzen du herriak», dio Kalakan taldearen kopla batek. Telesforo Monzonek harri-jasotzailearekin konparatu zuen abertzalea Donibane Lohizunen emandako mintzaldi batean, 1976. urtean; Euskadiko Aurrezki Kutxak irudi berdina baliatzen zuen bere iragarkietan. Harriaren irudia guztiz txertaturik dago Euskal Herriko kulturan, beraz.

Haatik, herria eraikitzen duten harriez gainera, badira herriari oztoporik ematen dioten harri koskorrik ere. Harri horiek ez dira gure kirolzaleek plazetan miresten dituztenak, baizik-eta Paris eta Madrileko gobernuek aspalditik Euskal Herriaren akorralatzeko erabilitakoak. Harri koskor horiek itxura desberdinak hartu zituzten mendeetan zehar. Lehengo harria foruen galtzea izan zen, eta, horren ondorioz, aduanak Ebrotik Bidasoara lekuratu zituzten, Araban eta Nafarroan hirurehun herrik euskara galduz gainera. Bigarrena 1936. urteko autonomia estatutua Hegoaldeko hiru probintziek gerla basa baten ondotik galdu izana da. Hirugarrena frankismoaren urte ilun luzeak izan ziren. Frankismoa bukaturik aspalditik prestaturik zegoen diktadorearen ondokoa, Juan Carlos erregea. Ondorioz, beste harrizko harresi bat jarri zen Euskal Herriaren kontra, Iberiako herrien existentzia eta autodeterminazioa ukatzen zituen konstituzio berri bat ezarriz. Horrek ez zuen ETAren militantzia eta ekintza armatuak gelditu, baizik eta gogortu. Orduan beste zapalkuntza uhin berri bat sortu zen eta preso gehiago. Presoen egoera larriagotzeko sakabanaketaren legea ezarri zuen Espainiako Gobernuak, egoera umiliagarri eta mendekoi gehiago presoen senideen aurka jarriz.

ETAk su-etena aldarrikatu zuenetik, kolpe gogor bat eman zuen EBko Auzitegiak Espainiak pena bizkia kunplitzen ari ziren presoak askatzeko behartuz. Baina oraindik azkarregi dira Frantziak eta Espainiak Euskal Herriari ezarritako harri astunak. Baionan eta Bilbon antolatu manifestazioak gerlazko harri horien aurkako beste bultzada bat izan dira. Abertzaleez gain, ETAren biktimaren senide batek parte hartu du Bilbokoan, eta Baionakoari dagokionez, Iparraldeko hautetsi gehienak presoen hurbiltzeko eta gaixotasun larri bat pairatzen dutenak askatzeko ados daude. Parisen eta Madrilen gogoan har bezate berauek ezarritako harriak hain azkarrak ez direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.