ZUZENDARIARI

Hemen dena da 'euskal', aisuec!

Altsasu
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohiak, Joxean Muñozek, BERRIAn egindako adierazpenak irakurtzetik nator. Jaurlaritzaren hizkuntz politikaz eta kultur politikaz argi mintzatu da, konplexurik gabe. Bagenekiena berretsi du, patxadaz: ez dago euskal kulturaren aldeko politika berariazkorik. Ez dut nik esaten, berak baizik: «Azken urteetan egin diren politiketan ez dago beren-beregi lan ildo bat euskarazko kulturaren inguruan».

Bistakoa da, bai, eta emaitzak ere agerikoak dira. Euskal kultura gero eta ikusezinagoa da erdal kulturek itota, Jaurlaritzaren laguntzarekin, portzierto.

Elkarrizketan zehar aipu mamitsuak aurki daitezke. Honako hau, berbarako: «Erabilera ez da arauekin neurtzen, borondatea da. Lortu da Netflixek zati bat euskaraz egitea. Baina nork ikusiko du gero?».

Arduradun politiko batek jakin behar luke erabilera ez dela borondate kontua soilik. Euskara ez da orain baino gehiago erabiliko erabilera-baldintzak hobetzen ez badira. Netflix eta beste streaming plataformetan eta pantailetan (EITB, mugikorrak...) euskarazko eskaintza kalitatezkoa eta nahikoa eskaintzen ez bada. Etsigarria da ikustea Pantailak Euskaraz bezalako ekimen ezinbesteko batek ez duela Jaurlaritzaren laguntzarik oraindik ere, eta euskaltzaleon babesaren eta bultzadari esker egingo duela aurrera, ez bestela.

«Hemen erdaraz idazten, antzezten, kantatzen... dutenak ere gure kulturaren parte dira», dio Muñozek. Arrakasta handiko adagioa da hori, baina galdera asko eragiten dizkit, neuri behintzat.

Hala, katalanez, espainolez, ingelesez, frantsesez, japonieraz, arabieraz, portugesez... jardun arren, Euskal Herrian sortzen dena, euskal kultura da guztia?

Mikel Erentxunek eta Sara Zozaiak euskal musika egiten dute biek ala biek? Los Cinco Bilbainos eta Puro Relajo taldeek? Fernando Aramburu patriotak literatura alemaniarra ekoizten du, han bizi denez gero? Tapachula jatetxe mexikarra euskal sukaldaritzaren parte da? Tokioko ehunka flamenkozaleek kultura japoniarra sustatzen dihardute? Idahoko bertsolariak kultura iparramerrikarraren enbaxadore dira? Gaztelera eta frantsesa euskal hizkuntzak dira? Euskal Herrian lan eginagatik, Guardia Zibila euskal segurtasun indarren parte da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.