Hedoi Etxartek idatzitako Oinetakoak baino maizago artikuluari erantzun moduan idazten dut hau, egungo Nafarroako Gobernuaren eta eskuin muturraren arteko konparazio zentzugabe askoren artean, Santiago Abascal Vox-eko presidentea ere tartean sartzen baita, zaku berean.
Europan badira (Iruñean bezala) biolentzia banalizatzen duten pertsonak. Adibidez, zure alderdiaren izena barruan duten dianak jartzeari «ateen pigmentazioa» deitzen diotenak. Gure herrian dugun historialarekin, horrelako jarreren aurrean albora begira jartzea gainditua zegoela uste nuen. Ikusten dut, zoritxarrez, ez dela horrela.
Dagokidan gaiari helduz, Abascal jaunak immigrazioaren inguruan dituenjarrerak eta Rozalejoko okupen inguruko nirea zaku berean sartzea zeharo asmo gaiztokoa iruditzen zait. Oinarrizkoenetik hasita, arrazoi ekonomikoak eta gerrak direla eta desesperaturik datorren immigrazioa, etorkizun hobearen bila Mediterraneoan hil ala biziko bidaia egiten ari den hori, espazio publiko bat okupatu duten pertsonekin alderatzeak, nahiz eta haiek soziala deritzoten jarduera garatzeko izan, pobrezia intelektuala agertzen du ia. Egoera hain desesperatuan daudenekin diskurtso xenofobo eta arrazista darabilen gizon bat etorkinen egoeran inondik inora ez daudenRozalejoko okupei egindako nire kritikekin alderatzeak Etxarte jaunaren artikuluaren pobrezia intelektuala agertzendu.
Okupei kritika oso garratzak egin dizkiet, onartzen dut, baina zentzua eta arrazoimena dutenak, azken abuztuan Rozalejoko Markesaren Jauregia hustu eta birokupatzean egondako gertakarien ondoren geroabaikide askok jasan genuen erreakzio bortitzaren ondorio baitira. Rozalejoko okupazioa Neguko Jauregiaren Hartzearen parean jartzen zuen diskurtso kasik iraultzailearen aurrean, batzuek diskurtso horri aurre egitea erabaki genuen, okupei eta haiek txalotzen zituztenei ispilua jarriz, beren isla ikus zezaten.
Okupen jarduera-egutegian Pintxopotea eta pizzapotea nabarmentzen zirela ikusita, ez dakit jarduera sozial handi moduan, frogatu zen isla. Eta noski, enperadorea biluzik dagoela esatea ez zaie gustatu, kritikatzeko gogor, baina kritikatuak izateko bigun direla argi utziz.
Okupazio, huste, birokupatze, eraikinaren abandonu boluntario (gogoratu Rozalejo hutsik zegoela polizia bertaratu zenean) eta birokupatzeko saiakera biolento berria izan dituen prozesuan zehar, elkarrizketarako eta arazoari irtenbidea emateko deiak asko izan dira.
Nire ikuspuntutik, jarduerak beste lokal batera eramateko eskaintza badago, eta eskaintza horri uko egiten badiozu, bi gauza argi uzten dituzu: okupatutako eraikina zure proiektuaren gainetik jartzen duzula eta aurrekoaren ondorio gisa, eraikinaren jabearekin liskarra nahi duzula. Ni elkarrizketaren alde nago, baina akordio batera iritsi nahidutenekin, ez adarra jo nahi didatenekin.
Poliziaren parte hartzea dela eta, esan behar dut biolentzia ez dudala atsegin, ezta polizia inor kolpatzen ikustea ere.Ez dut atsegin inork espazio publikoa bere egitea ere. Eta azken honen aurrean, gobernuek, barne kontseilariaUPN, PSOE, EAJ edo EH Bildukoa izanik ere, beren eginkizuna bete behardute.
Hortik haratago, argi dago polizia eredu ezberdinak daudela eta aldaketaren gobernu honek egungoaren oso ezberdina den beste baten alde egin du (zure zaurituen zifrak ez du inolako oinarririk), baina kontziente izan behar dugu ordena publikoaren nahasmenduak badaude poliziaren eginkizunaordena hori berrezartzea dela. Hau, aspaldiko egia dena, Etxarte jaunari gogorarazteko.
Amaitzeko, «estigmatizazioa da pertsekuzio politikoaren lehenengo pausoa» esaldi zinikoari aipamena egin beharra diot. Estigmatizatzen duena, Etxarte jauna, dianak marrazten dituena da, ez bere iritzia sare sozialetan ematen duena, ni kasurako.
ZUZENDARIARI
Hedoi Etxarteri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu