Errenteria

Hautsak harrotzen

Amaiur Moriana
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Antza denez, aurten ere norgehiagoka gabiltza. Beharbada, urteak pasatu ahala heltzen ari gara, baina aurreiritziak gure lagun kuttunak dira oraindik ere. Gaur egun lehia politikoa, fisikoa izan baino gehiago, hitzekin egiten dugu. Gerran gabiltza denon artean, talde politikoak eta gazteria-taldeak eskua eman ordez ika-mikan aritzen gara-eta. Mintzamena baliabidetzat erabiltzen, defentsa moduan sartu garela dirudi.

Nire euskalduntasuna kolokan jartzen dut nik neuk ispilu aurrean begiratzean. Baliteke gaztea nintzeneko flekilloa haztean ile luze eta iluna bihurtzea. Oraindik ere belarritakoak daramatzat aro moduan, pare bakarra bada ere. Jada ez ditut Salomon-akjanzten ezta Ternua-kojaka, mendi-txango batean izan ezik. Hala eta guztiz ere, nire burmuin barruak txikitako berak dira. Ideiak ez dira janzkerarekin batera aldatzen. Nire jaioterriko esperientzia, istorio eta gertakariak neure erroetan daramatzat oraindik ere, denboraren zama jasan baitute.

Zein gogorra den nire herrikideentzat ideia hori barneratzea. Norgehiagoka fisiko bihurtu da gaur egun. Ez indarkerian oinarrituta dagoelako (duela hainbat urtekoaren antzera), baizik eta norberaren fisikoan oinarritzen garelako aurreiritziak mantentzeko. Gaztetxean nornor sartzeko irizpidea dutenen estereotipoa ere aldatu da. Hobe esanda, beti bezala jarraitzen dute. Trinko. Aldaezin. Haien begi gogorrek euren ideia idealizatuari jarraitzen ez dioten kideak gutxiesten dituzte, borroka bera partekatuko ez balute bezala. Zein tristea den errealitate horri aurre egitea.

Beharbada, urteek aurrera egingo dute. Beharbada, lehia trinko zein ximur honen ostean, benetako arazoei aurre egin diezaiekegu, norberaren ezberdintasunak alde batera utzita. Hor dago gakoa: borroka berean gaude, ideia politiko berak sustatzen, Euskal Herri progresista bat eraikitzen. Nolatan lortuko dugu gure helburu komuna, aurrez aurre gorroto bagara? Bada ideia ziztrin horiek alde batera uzteko unea, gure etorkizuna parez pare baitugu, eskua hartzeko intentzioarekin. Aitzitik, betiko hanka-sartzeetan itoko gara, iparra galduta. Bada hautsak harrotzeko garaia, herrikideon kontzientzia astintzeko baliabide bakarra izanda ere. Esna gaitezen, elkar gaitezen, ezberdintasunak fisiko soilean oinarrituta daude-eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.