Drogen gaia mamitsua bezain arantzatsua izanik, Euskal Herrian daukagun joera esparru honetan da funtsik gabeko bakarrizketak abiatzea norbait edo zerbaiten aurka. Testu hau ez da salbuespena izango, baina afera beste modu batean lantzeko deia ere izan nahi du. Bakarrizketa kate amaigabe honetan jaso den azken irain sorta —hori baita orokorrean jarrera, batzuen edo besteen aurka— Beñat Sarasolarena izan da, Drogak EKTn alegia. Sarasolaren gidoia aski erabilita dago, probokazioa, madarikazioak eta kontraesan jokoak. Eta Beñatek beste batzuek kontrako zentzuan altxatutako armak besterik ez du baliatzen.
Drogen eztabaidan badirudi bi jarrera egon daitezkeela bakarrik. Alde batetik, droga ilegalak kritikatzen dituztenak eta bestetik horiei droga legalen erabilera leporatzen dietenak. Dikotomia eroso hori gainditu beharko genuke noizbait eta, horretarako, paradigma aldaketa proposatzen dut, nahiz eta jakin badakidan inork ez diola helduko, askoz erosoagoa baita betiko lubakietan geratzea.
Drogen kritika ez da erakunde armatu baten hondakina; hainbat elkarte, auzo talde, gazte erakundek... jorratu dute, eta haiek egindako bide historikoa berriro hartzea ez legoke gaizki. Horretarako, bakarrizketa iraingarriak abiatu baino gehiago, galdera aproposak egin beharko genituzke. Hasteko, galdetu beharko genioke geure buruari drogek —legalak zein ilegalak— kapitalismo kontsumista eta txikitzailearen dinamikarekin bat egiten duten edo ez, eta zein heinetan dituzten ondorioak gure harremanetan, jarduera politikoan eta osasun fisiko zein psikikoan.
Bestalde, hausnarketa horren emaitzekin zer edo zer egiteko beharra sentituko bagenu, bada garaia irizpide neoliberala gainditzeko —bakoitzak bere buruarekin nahi duena egiten dezake— ikuspegi komunitarioa garatzeko. Hau da, norbanakoen ikuspuntua alderatuz eta taldearena hartuz. Ez ikuspegi moral batetik, baizik eta taldearen iraupena bermatzeko eta proiektu politiko zehatz bat gauzatzeko asmoarekin. Eztabaida hori, nire ustez, talde politikoek hartu beharko lukete bere gain, gizarte antolatua diren neurrian.
Eta norbaitek uste badu eztabaida hori ez dela egokia, galdera batzuk egingo ditut, sintoma ugari agertzen baitira euskal esparruan militante eredu bat amaitzen ari dela iradokiz: Alde batetik, zein da alkoholaren eta aisialdiaren pisua gure militantzian? Zergatik, urteak militatzen eman eta gero, ekintzaileak askoz prestatuagoak daude tragoak saltzeko txosna batean atxiloketa bati aurre egiteko baino? Eta zergatik uda honetan erantzun arrakastatsuenak jaso dituzten ekinbide militanteen artean sanferminetako txosnetan txanda egiteko deia —Twitter bidez egina— eta Piratek pairatutako enbataren kalteak ordaintzeko eskaera izan dira —azken hau oihartzunari dagokionez gutxienez—?
Horiek dira esparru militanteak sustatzen dituen lehentasunak? Hori da euskal esparru askatzaileak zabaltzen dituen alternatibak?
Bukatzeko antzinako erronka bati erantzun behar zaio. Droga ilegalen saltzaileek esparru politikotan lekua dute edo ez? Segurua da talde politiko batean —iritzi moralak alde batean utziz— droga saltzailea egotea, bere lan baldintzak aintzat hartuta?
ZUZENDARIARI
Hautsak harrotzea, denak berdin jarrai dezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu