ZUZENDARIARI

Hautetsontzien lehen joskurak

Koldo Leniz.
Lekeitioko Gure Esku Dago taldeko kidea.
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Joan den zapatuan, apirilak 25, Lekeitioko Independentziaren plazan josteko makinak kea dariola ikusi genituen. Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena iaz Durango eta Iruñea lotu zituen giza katearekin hasi bazen, nolabait, ehuntzen, aurten metafora hura gauzatzera pasa gara. Aurtengoan, herritarrak margotu, idatzi eta hornitutako oihal koloretsuek sinbolizatzen dute herritarren borondatea, baina ez da sinbolo hutsean geratuko, ekainaren 21ean hautetsontzi erraldoiak eraikitzeko erabiliko baitira euskal herrialdeetan. Bizkaian, Bilboko Santi Mamiñe (San Mames) futbol zelaian ospatuko da.

Josteko makinak, jo eta ke geratu gabe, lan guztia burutu ezinik zebiltzan herritarren erantzuna hain izan zen izugarria. Oihalekin gertatu zen bezala, kolore guztietako pentsamoldeetako herritarrak, elkarlanean, jaialdi ziragarrari baten batuta ikusi genituen. Oihal mordo guzti hura jostea lortutakoan herrian zehar egindako kalejira batean erakutsi genituen. Azkenik, ohi bezala, pintxo eder batzuekin bukatu genuen ekitaldia.

Adin handiko gizon bati berba hunkigarriak entzun genizkion: «Nik seguruenik ez dut guzti honen emaitza ikusteko aukera izango, baina bide onetik goazela iruditzen zait, eta horrekin konforme geratzen naiz». Aipatzekoa, bestalde, neska-mutil gazteen parte-hartzea. Badirudi ni-ni gutxi dagoela gure eskualdean. Lekeitiori egokitu zitzaizkion 70 inguru oihalak, bakoitza 20 jostunek ehundu beharrekoak, gutxiegi dira eta gehiago eskatu behar izan ditugu.

Eskerrak emateko orduan, zerrenda hain da luzea errazena parte hartu zuten guztiei esker orokor bat ematea izango dela. Baina baten bat ahazteko arriskuaren beldurrean bada ere, ezin aipatu gabe utzi:

Ana Madarieta eta Asier Txakartegi, ospakizunaren aurkezle eta gidariak. Pintxoen arduradunak Aittitta Makurra soziedadea eta Lekeitioko Alkartetxekoak. Etorkizuna dantza taldea. Itxaropena txistulari taldea. Aitxitxa Makurra txaranga alai eta nekaezina.Gure azken sareginak: Ane Miren Sustaeta eta Oihana Garatea.

Ahaztu ditugun guztiei barkamena eskatuz, bakarrik geratzen zaigu lekeitiar guztiei zorionak ematea eta datozen ekitaldiak aurrera eramateko prest eta tinko egoteko eskatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.