ZUZENDARIARI

«Haurrak, ikasi euskaraz; gu oso lanpeturik gaude»

Bakaiku
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Haur eta gazteak zarete euskararen etorkizuna, helduok ez, bistan da (kar-kar). Euskaraz mintzatzen ikas dezazuten matrikulatzen zaituztegu D ereduan, guraso batzuek gogoz, beste batzuek badaezpada. Ikastetxean, haur etxetik euskaldunak sakabanatuko zaituztete haur erdaldunen artean, horiei euskararako bidea errazteko. Ez du funtzionatzen baina. Euskaldunek euskara bazterrera uztera behartuta ikusiko duzue zuen burua, eta, beraz, erdaldunek ez dute euskaldunengandik laguntzarik jaso ahal izango.

Haur euskaldunak kolpetik konturatuko zarete euskarak ez duela zuen ikaskideekin hitz egiteko balio (D ereduan ikasi arren guztiek), eta hobe duzuela gorde, zenbait ikaskideren isekak pairatu nahi ez badituzue. Zuetako batzuek sekulako kolpea hartuko duzue, zuen etxeko hizkuntza, irakaslearena bai, baina beste inorena ez dela konturatzean. Tira, pasako zaizue. Denborak sendatzen du dena. Haur euskaldunen sakabanatze sistematikoa ohitura bihurtu da, eta ohiturak errespetatu behar dira, zein ulergaitz gertatzen diren ere.

Ohitura bilakatu da: guraso erdaldunek bakarrik ez, euskaradun askok ere erdaraz egingo dugu gure artean, baina zakurrari eta etxeko txikiei euskaraz egingo dizuegu, eta euskaraz egin dezazuen exijituko sarri.

Euskarazko ETBn ez duzue saio interesgarririk aurkituko, baina lasai, espainolezko ETBn bai. Netflix, Disney eta halakoetan euskarazko eskaintzarik ez; espainolez, ingelesez, frantsesez... aspertu arte. Mugikorrean ordu luzez murgilduta ere, euskarazko eduki erakargarririk nekez aurkituko duzue, baina espainolez, frantsesez, ingelesez... motxila betea. Euskarazko musika entzun nahi baduzue, beste bide batzuk jorratu beharko dituzue (Naiz irratia, Hala bedi…), EITBn musika ingelesez baita gehienbat, oso koxmepolittak gara!

Kiosko eta liburu denda gehienetan ez bilatu euskarazko komikirik, ez daude. Denda jakinetara jo beharko duzue horien bila. Euskal denda horietan aurkituko dituzue euskarazko ale batzuk, erdarazko eskaintza askoz zabalagoaren artean.

Hedabideak bakarrik ez. Kaleko paisajea ere erdaraz daukazue %90ean, eta horrek lagunduko dizue ulertzen gizarte honetan euskaldunon tokia zein den. Ez dizue inork azaldu? Nomelopuedodecreer! Bigarren mailako herritarrak gara gure herrian, bai.

Hori da (ez) dagoena. Ez daukazue batere erraz euskaraz elikatzea, baina guraso askok, euskalgintzak eta Eusko Jaurlaritzak berak, euskaraz egin dezazuen eskatuko dizuete sarritan. Eta zeregin (oso zail) horretan, laguntza gisa, urtean hiruzpalau ekitaldi handi antolatzen dituzte, horietan sikiera euskaraz estuasunik gabe egiteko aukera izan dezazuen. Eta hori bakarrik ez… Txapa eta pin polit askoak dauzkate prestatuta, bai zuentzat, bai zuen gurasoentzat ere, euskaraz egitera animatuz. Ez zarete kexatuko gero!!!

Baina haurrok, euskaraz bizitzea ezinezkoa gertatzen bazaizue, ez kezkatu! Aniztasunaren hobe beharrez, espainolez edo frantsesez jardun dezakezue lasai asko. Euskal Herrian, oro har, aniztasuna eta kulturartekotasuna esaten baitzaio marokoarrek, sahararrek, errumaniarrek, portugaldarrek, galiziarrek, txinatarrek… edota euskaldunek, espainolez Hegoaldean eta frantsesez Iparraldean egiteari. Baita D ereduko ikastetxeetan ere.

Badira heldu temoso batzuk, egoera hau deskribatzeko akulturazioa, asimilazioa, menpekotasuna edo hizkuntza ordezkapena bezalako hitz itsusiak darabiltzatenak; lasai berriro ere, gehienok koxmepolittak eta kultura hegemonikozaleak gara eta!

Finean, erdaraz bada ere, beti egin dezakezue ongi pilotan eta oneski dantzatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.