Ondorengo lerroen helburua haurdunaldia eteteko EAEn dagoen egoeraren berri ematea da. Izan ere, azken urteetan zehar Osakidetzako langileok abortatu duten hainbat emakumeren bizipenen berri izan dugu. Besteak beste, hainbat izan dira prozeduraren osteko txostenik gabe kontsultara etorri direnak, interbentzio osteko albo-ondorioa den odoljarioagatik ospitalean artatu behar izandako emakumeak, txarto tratatuak sentitu izan diren emakumeak; informazio faltagatik, gezurrak esan dizkietela konturatzeagatik, interbentzioan zehar mina sentitu izateagatik, irainduak izateagatik, eta abar eta abar.
Haurdunaldia eteteko eskubidea hautsak astintzen dituen gaia izan ohi da. Sexu- eta ugalketa-osasunaren eta haurdunaldia borondatez etetearen inguruko legeak arautzen du hain zuzen, betiere unean uneko gobernuaren interesei erantzunez. Horren adibide dira Argentinan Mileik abortua ilegalizatzeko eginiko ahaleginak edota 2023an Espainiar Estatuko lege honek jasan dituen aldaketak, besteak beste. Azken honek, historiako abortu legerik aurrerakoiena izatea promesten zuenak, ez ditu sortutako itxaropenak bete.
EAEn abortuen %95 zentro pribatuetan egiten dira. Klinika hauetan egitearen arrazoi erreala lortzen duten etekin ekonomikoa da. Gainera, emakumeei ez zaie erabakia hartzeko informazio nahikorik ematen; askotan informazioa ezkutatzen edo faltsutzen da, jarrera guztiz paternalistak hartu izan dituzte. Hori gutxi ez, eta hainbatetan interbentzioaren osterako adostutako jarraipena ez zaie egiten, alta txosten gabe agurtzen dituzte, eta abar. Lege-aldaketak, era berean, kontzientzia-eragozle erregulazioa promesten du, hauen erregistro publikoa izatea behartuz, baina hori ere ez du publiko egin Eusko Jaurlaritzak / Osakidetzak.
Legean onartutako beste aldaketetako bat haurdunaldia borondatez eteteko kliniketara joaten diren emakumeen aurkako jazarpena zigortzea da. Aldiz, aurten ere 40 días por la vida ekimenak kontzentrazio txandak antolatu ditu klinika horien aurrean. 2024ko udazkenean berriz hartzeko asmoa dutela adierazi dute. Horrek kolokan jartzen du abortatzera doazen emakumeen konfidentzialtasuna, baita abortuarekiko kriminalizazioa eta estigma soziala areagotu ere.
Abortu eskubidea ez da kasu guztietan bermatzen, inolaz ere. Osasun-txartel indibiduala (OTI) ez daukaten emakumeek ez dute prestazio honetarako sarbiderik, nahiz eta eskubide unibertsala izan beharko lukeen eta urgentziazko interbentzio bezala ezaugarritu lege berrian. Are gehiago, beste autonomia erkidegoetan erroldatutako emakumeei ez zaie borondatezko etetea onartzen, pribatura deribatzeak dakarren traba burokratikoagatik.
Honen aurrean, instituzio publikoek ezkutatu nahi diguten errealitatea agerian uztea beharrezkoa dela uste dugu. Osakidetza zein alderdi politikoak, egoera honen jakitun dira. Egun, haurdunaldia eteteko eskubidea unibertsala dela badiote ere, zerbitzuen externalizazioa sustatzen dute, hauen pribatizazioa indartuz. Horregatik, gure ustez, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den abortatzeko eskubidearen alde borrokan jarraitu behar dugu. Bide horretan, gaur, ekainaren 19an, Gurutzetan, arratsaldeko seietan (18:00) egingo den mobilizazioan parte hartzera animatzen zaituztegu.