Suediar herrialdeak, estatuko diru sarrerak erabiliz, munduko lehen arraza-biologia institutuaren ateak ireki zituen 1922. urtean. «Talde etnikoen» arteko desberdintasun fisikoak definitzea helburu nagusitzat izanda, bigarren mundu guda amaitu eta ondorengo urteetan iraun zuen jarduera zoro bezain krudel bati eman zitzaion hasiera orduan. 1934-1975 urte bitartean 60.000tik gora izan ziren beste erlijio sinesmen, etnia edo kultura batekoak izateagatik erietxeetara joatera behartuz sistematikoki antzututako ijito, puta, homosexual, sami eta elbarriak. Bestalde, Charles Darwinen ideietan onarrituz Francis Galtonek 1880ko hamarkadan definitutako jakitateak ez zuen herrialde katolikoetan eragin esanguratsurik izan. Herrialde hauetan, herrialde protestanteekin alderatuz, katolizismoak aspalditik garatu baitzuen bizi berrietan eman daitezkeen akatsekiko beste ikuspegi bat.
Francoren erregimenaren bozeramaileei guda ondorengo urteetan herritarrak babesteko egin beharreko ahaleginak nekagarriegi suertatu zitzaizkien, antza. Amorruz lurperatu izango zituzten guda zelaian hildako milaka burkide, frontearen atzealdean errepublikanoek ernaltzen jarraitzen zutela aldi oro gogoratzen zutelarik.
Zaila da benetan ohartu gabe antzutua izan edota haur jaioberriaren lapurreta pairatzearen arteko erruleta horretan egon daitezkeen desberdintasunak nabaritzea, haur lapurtuen jardunak estatuaren babesik gabe horren luze iraungo zukeela sinestea ezinezkoa den bezalaxe.
Zuzendariari
Haur lapurtuen auziaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu