ZUZENDARIARI

Hatortxu Rock: zatoz, badatoz

Amets Aranguren Arrieta eta Aitor Agirrezabal Moreno.
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Gero eta gutxiago dira auto eta furgonetatan egin beharreko kilometroak. Gero eta gutxiago, espainiar eta frantziar estatuetako herri galduetan eta gogoz kontra pasatu beharreko asteburuak. Gero eta gutxiago, espetxe politikak zigortzen dituen senide eta lagunak. Baina oraindik, izan, badira.

Baina inoiz baino gutxiago falta den honetan, inoiz baino gehiago behar zaituztegu. Denak behar zaituztegu, denak etxeratzeko. Denak behar zaituztegu gehiegi luzatu den eskubide urraketa sistematiko bati amaiera jartzeko.

Esan dugu, konponbidearennorantzan urratsak egin direla. Baina aurrerapauso hauek guztiak denborak inertziaz ekarri dituela ematen badu ere, deus ez litzatekeen posible izanen sakabanaketaren kontrako urte luzeetako lanagatik ez balitz. Mirentxin eta bere furgonetak, Etxerat, Herrira, Sare, beste ehunka herri ekimen... eta baita Hatortxu Rock ere. Eta noski, atzerapausorik ezin da onartu.

Maitasunak gidatutako borroka honetan, festa girotik harago doan jaialdia antolatzen dugu urtero Atarrabian, elkartasun jaialdia. Eta kantu, sarrera, bokata, kamiseta eta pote bakoitzaren atzean daude musikariak, sukaldariak, zerbitzariak, teknikariak eta elektrizistak. Boluntarioak. Eta horiek bezain inportanteak zarete zuek, aurten, abenduaren 17an, Atarrabia eta Burlata arteko gunea beteko duzuen milaka herritarrak. Bide horren ezinbesteko pauso zarete.

23 urte daramatzagu «azkena izan dadila» errepikatzen. Mantra bat bihurtzeraino. Agian bere esanahia husteraino. Baina sinetsita gaude une hori gertu dagoela. Baina gertu ez da helmuga. Gertu urrutiegi da oraindik ere, senide bakar batek errepidera atera behar duen bakoitzean. Eta gertu, prest, egon beharra daukagu azken pauso hori emateko. Eta Atarrabiatik helaraziko dugun mezuak argia izan beharra dauka. Prest gaude, eta unea da behin betiko sakabanaketa amaitzeko.

Zatoz, zure ondoko hutsunean daude.

Zatoz gailurrerantz, pauso bat gehiago.

Zatoz, horma zahar hori erortzear dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.