Mendebaldeko Sahara da deskolonizatzeko gelditzen den Afrikako azken kolonia. 1963an, Nazio Batuak Lurralde Ez Autonomoen zerrendan sartu zuen. Marokok potentzia okupatzailea izaten jarraitzen du, nahiz eta inoiz ez zioten lurralde horren gaineko subiranotasunik aitortu. Espainiak, marokoar bihurtzeko etengabeko ahaleginean egonda ere, haren potentzia administratzailea izaten jarraitzen du gaur egun. Izan ere, Nazioarteko Legediaren arabera, Espainiak du autodeterminazio prozesua gauzatzeko betebeharra, berak baitu prozesu hori eten egin izanaren ardura.
Hura gertatu zenetik, Herri Sahararrak jada 50 urte bete ditu monarkia alaui totalitarioaren menpean erresistentzian. Beraien nortasuna suntsitzea da Marokoren estrategietako bat. Lurralde Okupatuetan edozein adierazpen identitario debekatu eta zapaltzen du. Ekintzaile sahararrak, gizonezkoak zein emakumezkoak, baita euren familietatik datozen adingabeak ere, ankerki zigortuak, espetxeratuak eta jipoituak izaten dira edozein nortasun-ezaugarri erakutsi edo aldarrikatzeagatik. Eskolan debekatua dute beraiena den hassania hizkuntzan ikastea; dariyan (arabiera marokoarra) egitera behartuta egoten dira. Ezin dute hassaniaz hitz egin. Kexek eta salaketek ez dute erantzunik jasotzen, eta errepresaliak ekarri ohi dituzte.
Hassania arabiar hizkuntzaren adarra da. Hassaniaz hitz egiten dute Mauritania osoan, Mendebaldeko Saharan eta Marokoko hegoaldeko muturrean, baita Aljeriako errefuxiatuen kanpamentuetan eta diaspora osatzen duten sahararren artean ere. Malin ere badira hassania-hiztunak. Maroko, Aljeria edo Tunisiako arabierarekin konparatuz gero, fonetika, hiztegi eta gramatika aldaerak erakusten ditu. Aberastasun kontsonantikoa du ezaugarrietako bat: antzinako arabieraren fonema gehienak gorde ditu eta aldaera berriak gehitu ditu. Hassania errefuxiatuen kanpalekuetan irakats-hizkuntza da, baina hizkuntza ofizial bezala ez du inoiz aitortzarik izan, nahiz eta hizkuntza nazional gisa baduen. Sahararren arteko defentsa eta batasunaren ikurra izan da eta bada.
Gaur, abenduak 18, Arabiar Hizkuntzaren Munduko Egunean, gure elkartea osatzen dugun sahararrok eta euskaldunok elkarren konplizitatea lagun, berretsi nahi dugu herrien biziraupenerako hizkuntza propioa ezagutu, zaindu eta erabiltzeak daukan izugarrizko garrantzia balio identitario eta kohesionatzaile gisa; eta salatu nahi dugu hassania hizkuntzak Lurralde Okupatuetan pairatzen dituen bazterkeria eta abandonua.
Jarraituko dugu Saharar Herriaren kontra egiten den eskubide-urraketa bakoitzari ahotsa jartzen.
Gaurko egunean, NBEk urtero aldarrikatu ohi duen egun horietako beste batean, gai hau hizpide ekarri nahi izan dugu Europako iragan kolonialistak kolonizatutako herriekin oraindik daukan erreparazio-zorragatik, herri guztien hizkuntza eta kultura osatzen duten ondarea babesteagatik, gizateriaren aberastasunik handiena den aniztasunagatik, Herri Sahararrengatik.