ZUZENDARIARI

'Hashtag' OT

2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
OT telebistako programa ezagunean bi kidek euskaraz abestuko dutela jakin bezain laster etorri zitzaigun zoramena euskal herritarroi. Denok harro. Denok txalo. Hashtageuskara. Amazonaseko tribu arraro bati buruz ariko bagina moduan... Kanpora begira, denak harro, hashtagharro. Etxeko egoera komentatu ez, hobe. Euskaldunen kopuruak gora eta euskararen erabilerak behera egin dutela erakutsi digute azken datuek. Euskal Herriko kaleetan geroz eta euskara gutxiago entzuten da. Horrek garrantziarik ez, datu horiei buelta emateko norbaitek Espainiako kate batean euskaraz abestea behar genuen. Norbaitek Euskara Sailburu Zupiria jaunari esan beharko dio Euskaraldia ez dugula behar, OTren fenomeno honek euskara biziberritu duelako eta euskal herritar denak batu dituelako.

Sare sozialetan askok komentatu dute, «Zertarako ikasiko dut euskara horrek ezertarako balio ez badu?» eta «Profesional on bat edo euskaraz dakien bat, zer nahiago?» galderak egiten dituztenek ere harro agertu dira sareetan, euskara hizkuntza polita dela defendatuz, gaztelania hutsean noski, «qué bonito es el euskera», hashtag vascuence.

Poz handia ematen dit OT bezalako programa batean euskaraz abesten ikusteak. Arazoa gure hizkuntzaren inguruko egoera soziala da. Txuleatzeko erabiltzen dugu euskara, besteoi ezberdin egiten gaituen kapela panpox bat balitz moduan: atzerrira joatean kapela hori duten beste edonorekin erabiltzen dugu, telebistan agertzean besteoi ikusarazi nahi diegu kapela berezia dugula, etab. Egunerokoan, alabaina? Kapelarik ez. Hortxe gure arazoa.

Gaztelania edo ingelesa ez den beste hizkuntza bat daukagu euskal hiztunok, halaxe da, baina berezitasun bat balitz moduan tratatzeari utzi behar diogu. Gure intimitatean hitz egiten dugun hizkuntza bihurtuko al dugu? Etxean, familia eta lagunekin euskaraz egin eta kanpora begira erdaraz... Gure hizkuntzaganako lotsa, hori hauspotzea besterik ez zitzaigun falta! Okerrago, gure hizkuntzaz lotsatzeaz gain, oso cool garela ikus dezaten erabiltzen dugu, telebistan agertzen denean euskara super-mega polita dela edonon jarriz, kasu, hashtag vasco. Nola ez du behera egingo erabilerak ba? Erabilerak behera egitearen kausa bat? Hauxe. Zalantzarik ez. Errua frankismoko debekuena dela esaten duten iluminatuak ere agertuko zaizkigu. Horiek egunerokoan erdaraz egiten dutenak eta aukera izan bezain pronto euskaraz txuleatzen direnak ditugu, hashtag viva el euskera.

Erabilera datuek gora egin dezaten irtenbidea ez dakit, baina pentsamolde hau konpontzea helburu ere izan behar dute Euskaraldia bezalako ekimenek. Ezin dugu gure hizkuntza fenomeno berezi bihurtu eta egunez egun kanpo utzi, hori ez baita euskara normalizatzea, justu horren kontrakoa. Gu eta gure pentsaera aldatzen ez den artean beheraka jarraituko dute datuek, beraz, hashtag errealitatea.

Garrantzi gutxi omen dauka honek, OTn euskara entzungo delako. Bada, OTn euskara entzun ostean, euskara kutxan gordeko dugu, beste behin. Beharbada urte batzuk barru euskara kaletik desagertu eta eremu akademikoko hizkuntza bihurtuko da, latina bezalaxe, baina, behin OTn entzun genuen euskaraz, hashtag OT.

Hauxe dena esanda, zorte handi-handia opa diet Anne eta Maialeni, bikain egingo duten zalantzarik ez daukat eta euskaldun guztiak izango gaituzue ikusle!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.