Pasaia

Haria

2024ko abuztuaren 14a
05:00
Entzun

Joan den abuztuaren 1ean Arangurenen izan ginen familiako hamar bat lagun. Irulegin egiten ari diren indusketa eta lanen berri ezin hobeto eman zuten Aranzadiko bi gaztek. Oso-oso gomendagarria da bisita hori, egiten ari diren lanaren dimentsioaz ohartzen baitzara bertan.

Bide erdian ginela, lehen geldialdian, Aranzadikoek ea noizbait Arangurenen izanak ginen edo ezagutzen al genuen galdegin ziguten. Nik bertan sekula egon gabea nintzela erran nion, baina bailara ezagutzen nuela hondakindegiaren aurka herritarrek egin zuten borrokagatik. Aranzadiko gazteak aipatua baieztatu zuen (bera sortu gabea zen urte horietan) eta esan zuen borroka horri «esker» Arangurengo Udala bildu eta mankomunitatea osatu zela. Mankomunitate honek babestu ditu Irulegiko indusketak. Nafarroako Gobernuak ez du finantzaketan parte hartu.

Lehen harridura eta lehen gogoeta: zergatik? Erantzuna zuek ere badakizue.

Irulegiko gaztelura iritsi aitzin herri baskoiaren arrastoak ezagutu genituen, nola bizi ziren, azaltzen diren arrastoekin nola eraikitzen diren hipotesi ezberdinak, batzuetan beste aurkikuntza batek baieztatzen dituenak edo dena hankaz gora jartzen dituenak.

Herri baskoi hori suntsitua izan zen. Erromatarrek txikitua, kale bakar batean ehun eta hogei gezi punta aurkitu dituzte. Sarraski bat.

Etxera itzultzen ari ginela, ezin nuen burutik kendu nola herri baskoi hori suntsitu eta 2.000 urtera Arangurengo herritarrek berriz ere erasoari aurre egin zioten. Oroitzen dut egunkarietan azaldu zen argazki bat, non ikus zitekeen herritarrak jipoitu zituztela beren gorputzekin makinak geratzen ari zirela eta bertako parrokoa buruan zauri batetik odola zeriola. Oroitzen dut nola erraten zuten telebistan biolentoak zirela, terroristen parekoak, jipoituak eta atxilotuak izan ziren hainbat.

Irulegiko Eskuan agertzen den testua antzinako euskara, protoeuskara edo euskararen aurreko beste hizkuntza bat dela entzun dugu. Garrantzi handiko kontuak dira filologoentzat, baina niri, egia esan, bost.

Jakin berri dugu Aroztegian egin nahi duten proiektu txikitzaileari aurre egiteagatik lau herritar epaituak izango direla, espetxe eta isun ekonomiko handiak eskatzen dizkietela. Eta telebistan gauza bera entzuten jarraitzen dugu. Diskurtso bera... berriz ere.

Gu Irulegiko Esku horretatik, lehenagotik agian, kate artean bere bidea egiten ari den hari fin bat gara. Ikastolak asmatu zituen haria, lekuko baten atzetik korrika eginez harrotzen den haria, Itoizko urtegiko kableak moztu zituena eta zentral nuklearrak geldiarazi zituena, Arangurenen hondakindegia egiten ari ziren makinen aurrean paratu zen hari bera da, Aroztegiko makroproiektua gelditu duena. Hari fin bat, zaharra eta hauskorra agian, bere bidea egiten... etengabe.

Ez dakit Irulegiko baskoi horiek irrintziak botatzen zituzten edo ez. Ez dakit jakin daitekeen ere. Dakidana da nik haien irrintziaren oihartzuna sentitu dudala, argi, ozen, indartsu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.