ZUZENDARIARI

Hamazazpi urte

Muskiz.
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Nork bere ikuskeraren arabera, denboraren iragateari eransten dion arintasuna edota moteltasunean barrena astinduak izaten gara gizakiok, hainbatetan. Oraindik ere minak sorrarazten dituzten horietako bat dut egun hura, harrezkeroztik hainbeste urte luze igaro arren. Oraindik ere txikitzen zait bizitza, adierazpen askatasunaren etsai amorratuei berezko gezur-sorta dariela, orduko sentimenduak elkarren korapiloetan ariko balira bezala; aurrez aurre, oraina eta lehenaldia bat egina, nekez estutasuna eta zauria partekatuz.

Goizaldea zen. Hamazazpi urte, jadanik. Hamazazpi urte, dagoeneko, Egunkaria (Euskaldunon Egunkaria) bahitzearekin batera, gorputzeko muina lapurtzen saiatu zitzaigunetik, boterearen zatarkeria baliabidetzat erabilia. Euskal izaeraren funtsezkoa suntsitzea, huraxe bera baitzen, batik bat, helburua: hizkuntza-eskubideak urratu nahirik, Euskal Herriko bihotza hondatzea, jo eta apurtzea mila zatitan; bide batez, euskal kazetaritzaren independentzia ere azken mugan.

Hedabideaz harago, herrigintzarako egitasmoa zen Egunkaria; euskaldunon eta euskaltzaleon zilegizko amets baten nahia akaso egia bihurtua. Eta gure hizkuntza babesteagatik epaituak izan ginen; hizkuntzaren bidez, nortasuna bermatzearren torturatu gintuzten, lurreko gaitz danak leporatu zizkiguten bitartean.

Egun, hemen gabiltza eraikitze eginkizunetan buru-belarri murgildurik: ezinbestekotzat suertatzen zaigun hizkuntza kilika, 2003ko gertaera testigantza gisa gogoan izanik. Egunkaria sorburu, orain, BERRIAren eskutik, ahalmena datorkigu lau haizeetara garaile izan gaitezen.

Betiko mintzen gaituena ahaztezina da; ez omen da erraza baztertzea, gure esku, hamaika bizitza balira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.