ZUZENDARIARI

Hamabi aholku

2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Bertoko erakundeetatik euskararen ordezkapena azkartzeko hamabi aholku:

1. Adostu hizkuntza politika estatu-alderdi eta sindikatu uniformistekin (ugazabekin). Makurtu burua lasai, jende gehienak txalo egingo baitu adostutakoaren edukia zein den ere. Akordio Deuna!

2. Ez esan Euskal Herria, esan euskararen lurraldeak. Eta aurrerago, lurralde eleaniztunak erabili, aniztasunaren, kulturartekotasunaren, akulturazioaren eta hizkuntza ordezkapenaren izenean.

3. Jarri euskararen erabileraren ardura osoa hiztunen gain. Herritarrek ez dezatela arreta jarri garatzen duzuen hizkuntza politikaren ezaugarrietan, eta eskueran jartzen dituzuen baliabideetan. Pentsa dezatela euren gabezia dela, ezintasuna denean.

4. Alderdi abertzaleen lehen lerroko ordezkariek erdarari eman behar diote lehentasuna, komun-hizkuntzari. Hala ere, euskaraz ere jardun ohi duten ordezkariak izatea komeni da, ukitu euskaltzalea lortzeko.

5. Ez matraka eman euskaldunek jasaten dugun zapalkuntzarekin. Zeren eta, bestela, behartuta egongo baitzarete euskarari lehentasuna ematen eta koherentziaz jokatzen, ardurak eta erreparazioa eskatzen... Bueno, behartuta ez, baina...

6. Ez bermatu euskarazko kultur eta aisialdi eskaintza duina. Horrela, familiei leporatu ahalko diezue ez dituztela haurrak euskarazko jardueretara bidaltzen eta ez dutela euskarazko kultura aintzat hartzen.

7. EITBren erdalduntze prozesua burutu lehenbailehen. Oso ondo ari zarete: euskaldun gehienak uxatu dituzue dagoeneko ETB2ra eta beste erdal kateetara. Batzuek ekin, besteak mutu, ekaitz perfektua!

8. Ez ikusiarena egin Stream plataformetako, mugikorretako eta sareko euskarazko eskaintzari. Alderdi-hedabideetan erdara lehenetsi, euskarazko edo euskaratutako zinema, literatura eta musika ekoizpenei tarterik ahalik eta txikienak eman.

9. Ingelesa, espainiera eta frantsesa dira mundu-hizkuntzak, abertzaleak mundutar izan gara beti: horratx Basque Country, Basque Culinary Center, Tuna World Capital, Festival de cine de SS, BEC, El Conquis...

10. Bapo hornitu diruz hedabide euskarafoboak. Ez diozue euskarari mesederik egingo, baina bakea emango dizuete, hauteskundeak irabazten jarraitzea erraztu.

11. Hezkuntzan eman azkena euskarazko murgiltze sistemari. Eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren izenean, hedatu akulturazioa, uniformizazioa eta inposatutako hizkuntzen nagusitasun erabatekoa.

12. Haur etxetik euskaldunak sakabanatu ikastetxeetan, erdaraz arinago eta hobeto ikasi eta euskara bazterrera utz dezaten euskal eskoletan. Ikasle guztiek ulertuko dute mezua (gurasoek ere bai).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.