Idazlea

Haima bat, Herstoria

2024ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Fathmak dioenez, amonak, Mendebaldeko Saharan sortua, kanpamentuetara heldu eta melfarekin egin zuen lehen haima beste emakumeekin batera. Harrezkero, haimaren abaroan bizi izan da familia, sendia —zentzurik zabalenean— hartuta. Bizitoki ez ezik, sendiaren biltoki ere bada haima; solastoki ere bai, tearen inguruko tertulia luzeetan. Bizitokia izateaz gain, haimak bizimodua dakar. 

Fathmak dioenez, emakumeek jaso eta zaindu dituzte haimak kanpamentuetan, baina gero beste ardura batzuk ere hartu behar izan zituzten; Fathmaren ama militarra izan zen, eta erantzukizun handiko kargua bete behar izan zuen, jadanik horretan ez dabilen arren. Frontetik etortzen zenean babestoki eta atseden hartzeko toki ere izan zen haima.

Fathmak dioenez, haiman goizero esnatzen zuen izebak lehen otoitzaldia egiteko eta, gosaldu eta ikastera joan aitzin, ahizpa nagusiak laguntzen zion ikasgaia errepasatzen, baina Fathmari gehien gustatzen zitzaiona ingelesa izanik, ahizpak ezin zion arlo horretan gehiegi lagundu. 

Fathmak dioenez, ingelesa ikasteko kanpamentuetatik kanpora atera zenean, beti gogoan eraman zuen haima, eta haimaren itzalpean ahizpa, izeba, ama, eta amona. Fathmak dioenez, beti iruditu izan zaio ingelesezko History hitzak —his+story— ez dituela emakumeak kontuan hartzen, nagusiki gizonezkoak agertzen direlarik; iraganeko gertaeren kontakizuna non emazteak protagonista diren, Herstory edo Herstoria, oraino idazteke dagoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.