Iruñeko Udaleko langilea

Gutxieneko zerbitzu neurrigabeak

Luis Urzainki
2023ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Iruñeko Udalak zaintzaren aldeko apustu garbia adierazi zuen azaroaren 30eko greba orokorrean, eta horrek harritu egin gintuen, ustekabe ez atsegina, noski. Udaleko langileok grebarekin bat egitea eta pertsonen zaintzaren alde mobilizatzeko dugun eskubidea erabiltzea erraztu beharrean, eragozpenak, mugak eta oztopoak jartzen dizkigu, eta, jakina, hori publikoki salatzen dugu eta legez salatuko dugu. Lan egitera behartzen gaitu, gutxieneko zerbitzu batzuk mantentzeko eginbeharra aitzakiatzat hartuta.

Funtsezko gutxieneko zerbitzuak: «Funtsezkotzat jotzen diren zerbitzuak dira, kalte katastrofikorik, hornidura-gabeziarik, ekoizpen-gabeziarik, administrazio-kaosik eta komunitaterik ez sortzeko ematen direnak». Zer kalte katastrofiko edo kaos egiten zaio komunitateari hiri osoko ikastetxeak 22:00ak arte irekitzeko? Zergatik dauzkagu gutxieneko zerbitzuak udaleko atezainok?

Aitzitik, Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen ikastetxe eta institutuetako atezainek ez dute funtsezko gutxieneko zerbitzurik, eta greba egiteko libre dira.

Eta hemen nago nire lanpostuan, ikastetxe bateko atezaintzan; 07:30 dira, eta gero nire lankideak txandakatzen nau, 22:00ak arte hemen egon behar baitu, udal eraikin bat zaintzen. Greba egin eta kalean aldarrikatu nahi genuen, beste milaka pertsonarekin batera, gure ustez funtsezkoa dela pertsonen zaintza publikoa eta kalitatezkoa izatea.

Eta beste ikastetxe batzuetan dauden nire lankide guztiek ere gaueko 22:00ak arte egon behar dute; baina zein dira oinarrizko gutxieneko zerbitzuak? Gure hiriko ia 30 ikastetxe, zainduta 22:00ak arte, kalean pertsonen zaintzarako eskubidea lantzen eta aldarrikatzen ari direnean. Zer da garrantzitsuagoa, pertsonak edo eraikinak zaintzea?

Baina nola balora dezake udalak ikastetxe bat 22:00ak arte irekita egotea funtsezko gutxieneko zerbitzua dela? Eta non dago grebarako gure eskubidea? Eraikin horiek irekita edukiz gero, ezinbesteko prestazioa al da komunitatearentzat, lehentasunezkoa greba eskubideari dagokionez?

Eta kiroldegietako gure kideek ere lanera joan behar dute; funtsezkoa eta lehentasunezkoa al da, halaber, pertsonen greba eskubidearen gainetik, muskulazio-aretoak edo futbito-kantxak irekitzea?

Azken batean, argi dago gizarte gisa lan handia dugula pertsonen zaintzaren inguruan, lan handia administrazioetan eta kalean.

Lanean jarraituko dugu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.