Antton Arriola jauna: lerro hauen bidez nire haserrea eta nire amorraziorik sakonena azaldu nahi dizkizut zuk aurreko astean Bilboko Merkataritza Ganberan egin zenituen zorigaiztoko adierazpenengatik. Bertan, gure hezkuntza sistemaren eredu euskalduna kritikatu zenuen, zure ustez hori oztopoa delako atzerriko talentua erakartzeko.
Zure argudioen ahulezia dialektikoa alde batera utziz (jakina baita edozein berezko hizkuntza, izan euskara, espainiera edo txinera, handicap bat izango dela beti beste estatu batetik datorren edozein profesionalentzat, baina horrek ez du esan nahi gure haurrak gure hizkuntza propioan hezteari uko egin behar diogunik), zurea bezalako erakunde bateko presidenteari debekatu beharko litzaiokeen eremu batean sartu zara: kritika politikoaren eremuan. Izan ere, zure karguak diskrezio politikoa eskatzen du, Arriola jauna. PP eta Vox alderdiek arlo honetan dituzten jarrerekin lerrokatu zara. Jakingo duzunez, zure adierazpenak txalotu dituen alderdi bakarra, hain zuzen ere, EAEko PP izan da, bere bozeramailearen bidez. Ez dut uste ideia ona denik euskaldunok zu eta zuk zuzentzen duzun erakundea hemendik aurrera PPrekin lotzea, jarrera euskarofoboak mantentzen dituen PPrekin, alegia.
Nire gutuna bukatu nahi dut esanez zure euskararekiko jarrera ez dela nik Kutxabankeko bulegoetan ikusten dudana. Esan behar dut nik beti langile jatorrak, profesionalak eta adeitsuak aurkitu ditudala, une oro nire hizkuntzan arreta eman didatenak. Ziur naiz horietako askok zure zorigaiztoko adierazpenak, nik bezala, deitoratuko dituztela. Garaiz zaude adierazpen horiek zuzentzeko. Hala izan bedi.