Hasiko dut testu hau, orain dela ez askorik, Mikel Urdangarinek helarazi zigun mezuarekin: «Mundua edertzen du euskarak. Edertzen du sekulako hauskortasuna duen zerbaitek. Eta hauskortasun horretan iraun duelako dauka sekulako indarra».
Niretzat hizkuntza da herriaren arnasa eta bizia. Herri bakoitzak duen berezko izaeraren eta osaketaren agerpena. Identitate pertsonal eta taldetasun zentzu emaile, ez bakarra, baina bai nagusietako bat.
Zertan izan liteke poetikoki deskribatutako euskararen irudia? Horko hau, Trikua esnatu da (Agirre eta Eskisabel) liburutik hartuta: Egurra. Zuhaitza. Basoa. Moldagarria baina sendo. Adar irekidun baina sustraidun. Haizeari jarraika baina sustraiak lurrean. Norbanako baina talde. Elkarrenganako arduran eta elkarrekintzan.
Nahiago dut pentsatzea nik neuk zer egin dezakedan euskararen alde besteek egin dezaketenari itxaron gabe, jakitun izanik guztion lana beharrezkoa dela. Gustatuko litzaidake jarraitzea haien ereduarekin euskara bizitzan zehar maitarazi didatenei. Aktibistak, militanteak edo nahi badugu hitz zehatz batean: eragileak. Beraiek eduki dituzten gogoa, nahia, borondatea eta maitasuna izan nahiko nituzke.
Bukatzeko, Lourdes Oñederrarekin bat eginez, ez dut uste euskarak egiten gaituenik euskaldun. Euskaldun egiten gaitu euskaldun nahi izateak. Kontua baita geure burua zertzat hartzen dugun.