ZUZENDARIARI
Gure mehatxurik handiena
Klima aldaketari buruz nazioarteko batzarra antolatu da Donostian, Change the Change izenburupean, martxoaren 6tik 8ra arte. Penagarria euskal komunikabideek gai garrantzitsu honi eman dioten estaldura urria. Eta martxoaren 15ean ere, mundu osoko eskoletan klimaren aldeko grebak antolatu ziren, Greta Thumberg 16 urteko neska suediarrak (hitzaldi zirraragarria Suediako legebiltzarrean eman zuena) munduko gobernuen jarrera antiekologikoa ozen salatu ondoren. Greba honen segimendua Hego Euskal Herrian oso eskasa eta gure komunikabideen arreta, maila berekoa. Karbono isuriak murrizteko erabaki asko hartu dira azken urteotan, baina arazoa okerrera doa. Klima aldaketa da gizateriak duen arazorik handiena, gure iraupena Lur planetaren gainean kolokan jartzen duena. Zoritxarrez, Euskal Herrian inor gutxik ematen dio gai honi duen garrantzia, ez eta komunikabideek ere. Gu baino garatuagoak diren Europa iparraldeko herrialdeetan kontzientzia ekologikoak indar eta eragin handia dauka, baina Euskal Herrian, arlo honetan, gertuago gaude Espainiatik Alemaniatik edo Suediatik baino. Politikariek eta komunikabideek eutsiko al diote arazo latz honi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu