ZUZENDARIARI

Gure herria

2016ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Hogeigarren mendean berrogeita hamar urteetan zehar argitaraturik izana zen errebista mardulaz idaztera ez noa artikulu honetan, baizik eta Alsazian alemanerako Unser Land esangura berbera duen alderdi kasi berri bati buruz. Herrialde zatiketa berria eginez gero alderdi honetaz mintzatzen dela badirudi, eta Internetek honi buruz dakarren orrialdea irekiz gero, Berthold Brecht aleman pentsalari famatu zenaren esaldi bat aipatzen dute alderdi horren arduradunek:

«Injustizia Lege bihurtu ondoren, erresistentzia beharra bihurtzen zaigu»

Alsaziako bi alderdi herrialde zaletik sortu zen Unser Land 2009. urtean: 1988. urtean eraikia izan zen Elsässische Volskunion/Alsaziako Herriaren Batasuna, eta 2001etik 2009 arte iraun zuen Fer's Elsaß/ Alsaziako gaztedia. Alderdiaren izaera ofiziala 2010. urteko otsailaren 11n emandako prentsa mintzaldi batean aldarrikatu zuen Trouillet jauna horren lehengo presidenteak, François Alfonsi diputatu europarra lekuko zuelarik.

Frantziako eszena politikoan jarri nahi izatekotan, kristau demokratatzat jotzen da alderdia. Frantziako jakobinismoarengatik, alemana den Alsaziako hizkuntza jatorra hilzorian dagoela, eta ekonomia beherantz doala, alderdi horren helburua da herrialde autonomo baten eratzea lehenik Frantziako eremuan eta gero Europakoan. Herrialdeko arazoak bertakoek eskura dezaten nahi dute indar politiko berri horren arduradunek. Alsace Debout eskuin muturreko alderdiari aitzi, ez da nazionalista frantsesa estua edo Front National-aren hurbil; alderdiaren araudien arabera, Alsaziara bizitzera edota lan egitera doan edozein herritar alsaziartzat jotzen da; norberaren jatorria, etnia edo erlijioa ez da kontuan hartzen bertako herritarra izateko. Etorkinari ez zaio eskatzen bere jatorriari uko egitea, baizik eta bertako gizartean integratzea eta lehen lehenik bertako hizkuntza eta kulturaren aurka ez ekitea. Hizkuntzari dagokionez, elebitasun ofiziala eskatzen du alderdiak, eta hori da arazo bat oso kritiko edo larria: Alemanez mintzatzen zirenen kopurua 1900. urtean %95 zen; 1946. urtean %90ra jautsi zen; 1980. urtean %60raino berriz jausi zen; gaur egunetan elebidun diren haurren kopurua %9 baino ez da. Gauzak hala ikusirik, Unser Landek duen hizkuntzari buruzko kezka guztiz ulergarria da.

Abenduaren 13an egindako hauteskundeen ondotik, bigarren itzulira ez igaro arren, herrialdeko hirugarren indar politikoa bihurtu da Unser Land.

Alsazia, Txanpaña eta Lorrenarekin batera herrialde erraldoi artifizial batean ezarpenaz sarturik, guztiz justifikatzen da Unser Land alderdiaren indartzea, zeren eta arestian aipatutako Berthold Brecheten hitzak kasu honetan bereziki badu bere leku egokia. Frantziako jakobinismoak Parisko legeak eta hizkuntza ezarri ditu Alsazian; herrialde erreforma berria dela eta, Alsaziaren izaera geografikoa bigarren maila batera bultzatu nahi dute Parisko jakobinoek eta teknokratek. Alderdi herrialde berriaren eraketa Parisen aurkako erresistentzia bat baino ez da izanen.

Korsikan oraintsu gertatu den aldaketa eredutzat har dezagun Alsaziarentzat, baita Iparraldearentzat eta Frantziaren menpean dagoen edozein nazio minorizaturentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.