ZUZENDARIARI

Gure haurrek ez dute gaixotzeko eskubiderik

Trapagaran
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ez dago eskubiderik! Gure seme-alabek ez dute eskubiderik eta horregatik haserre nago! Trapagarango goiko auzoetako haurrek ez dute gaixotzeko aukerarik.

Trapagaran Bizkaiko herri bat da, bertan anbulatorioa dago, jakina, baina goiko auzoetan —Larreinetan, Barrionuevon, Zugaztietan...— biztanleak ere badaudenez, osasun zentroa egon badago; zerbitzuak, ordea, ez horrenbeste. Izan ere, pandemia hau heldu arte, pediatra zerbitzua astean bitan geneukan; astearte eta ostegunetan, ez zen asko, baina bazen zerbait. Pandemiaren unerik gogorrenetan zerbitzua kendu zitzaigun eta duela gutxi berrezarri da, hasierako zerbitzua erdira murriztuz; orain, antza denez, ostegunetan besterik ez da igotzen pediatra gure auzora. Dena den, badirudi astean behin geneukan miseria hori ere kendu nahi digutela, pediatra gaur, abenduak 3, osteguna, ez baita gure auzora igo.

Esan beharra dago goiko auzoetatik Trapagarango anbulatoriora 10 kilometro luze ditugula, hortaz, haurra gaixotzekotan, haur gaixoa hartu, autobusera igo, haur gaixoa hartu, autobusetik jaitsi, haur gaixoa hartu, funikularrera igo, haur gaixoa hartu, funikularretik jaitsi, haur gaixoa hartu eta kilometro bat egin oinez funikularretik Trapagarango anbulatoriora, beste horrenbeste bueltarako. Haur bat izan ez eta 2 edo 3 dituenarentzat odisea are latzagoa izango da bidaia, eta, gainera, bidaiari tenperatura hotza, haizea, euria, kazkabarra edota elurra -goiko auzoetan oso ohikoa izaten dena neguan- gehitzen badizkiogu, garapen-bidean dagoen herri baten antzeko egoeran gaudela esango nuke nik. Gurasoon bidaia txarto, ezta? Bada, gurasoa ez, pentsa tarte batez, gaixorik dagoen gure umeetako bat zarela... Negargarria!

Gure haurren eskubideak behin eta berriz urratzen ari diren honetan, dagokionari —Osakidetzari, Trapagarango Udaleko gobernu taldeari, Eusko Jaurlaritzari edota ardura txiki bat duen kristo guztiari— esan nahi diot lotsagorritzeko modukoa dela zuen jarrera gurekiko, hala eta guztiz ere goiko auzoetako gurasook ez dugula etsiko, gure txikiek osasun zerbitzu duina izan arte tinko jarraituko dugula, lortuko dugula!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.