Hotzak esnatu gara. (B)eroaldia bukatu da. Odola bor-bor luzaroan eduki ostean bor-bor eta bor-bon, azkenean hutsunea. Sendatzeko hasperen luze bat. Arnasak estu, bihotzak larri; horrela izan dira Gure Gerra Hotz honetako ibilerak.
Beldurraz hitz egin nahiko nuke. Euskal gazteok bihotzetan sakonki zizelkatuta izan dugun beldurraz. Torturaz. Eva Forest gogoan dudala, beldurraren kulturaz. Maindire zabal eta beltz bat bezala, gure herriko txoko guztietan hedatu zen beldurraz.
Balantzea egin beharrean gaude, beldurraren gaiari eutsiko badiogu. Gure beldurrak, haien beldurrak. Beldurren hartu-emanak, beldurren merkataritza.
Beldurrez inguratuta bizi izan gara. Armez inguratuta. Okupatuta.
Errepideetan, amesgaiztoetan, lagunaren atxiloketan. Beldurrezko ezin-kontatuzko filmean: Herio eta Beldur gure herrian, basamortuko zaldun gisan, non-nahi eta zernahi zebiltzan garaiarenak; zein baino zein, nor baino nor.
Herri honek hainbeste du esateko. Hitzak motz geratzen dira.
Historialari naizenez gero, hausnarketa datorkit burura. Zeinen desberdina den Historia kontatu ala Historia bizitzea.
Nola izango du ba Zenbakiak zerrendatze eta kontaketa hotzak inola adierazterik tunelaren barruan bizi izan ditugun urteak? Matematikak ez zaizkigu balio. Hildakoak, atxilotutakoak, erbesteratutakoak... zenbaki soiletan ezin sumatu barrua. Bizitu dugun istorioaren barrua.
Aitortu beharrean nago, beraz. Beldur sakon eta gorria pairatu dutenen artean nago. Bat gehiago.
Helduko dira Hitzaren Maisuen saioak guztia ulergarri egiteko; arrazionalizatzeko saioak, politikarien hitz-hutsak, intelektualen ekarpenak, historialari eta soziologoen irudipenak, bertsolarien bertsopaperak, tesiak eta kontra-tesiak.
Baina gaurkoan, poesiaren bideari helduz, aitorpena egiteko parada hartu dut.Neure buruari aitortu diot beldurraren seme naizela, beldurraren kulturan hazitakoa naizela, eta Gure Gerra Hotzak betirako markak utzi dizkidala arima-gogo-gorputzetan.
ZUZENDARIA
Gure gerra hotzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu