Mundukideko zuzendaria

Gure elkartasunak, 30 euro?

Josu Urrutia Beristain
2024ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Gure artean ez da ezohikoa munduan hemen baino hobeto inon gutxi bizi dela esatea. Eta, datuei begiratuz gero, ez dirudi ideia okerra denik.

Adibidez, ekonomiari dagokionez, gure biztanleko barne produktu gordina 40.000 euro ingurukoa da eta horrek ia munduko %10 aberatsenen artean kokatzen gaitu.

Hezkuntzan, berdintsu. PISA eta antzeko ikerketetan gure gazteek lortzen dituzten emaitzak munduko gainerako gazteen %80k lortzen dituztenak baino hobeak dira.

Osasun kontutan, zaila hobeto egotea. Gure artean dugun 83 urteko bizi-itxaropenak goiko %5ean kokatzen gaitu. Hori da marka!

Gu goiko %10ean egoteak ez du esan nahi beste guztiak ezinean bizi direnik. Ez da horrela. Gutxi gorabehera, 1.000 milioi gara oso ongi bizi garenak, 6.000 milioi justu samar bizi direnak eta 1.000 milioi behar gorrian bizi direnak.

«Hemen baino hobeki inon gutxi» bezain ohikoa da herri bereziki solidarioa garelako ideia.

Zer diote datuek horren inguruan?

Munduko aberatsenetakoak izanik, gure izaera solidarioa neurtzeko zentzuzkoa dirudi guk baino askoz bizitza zailagoa duten herriekin egiten dugun elkarlanari begiratzeak.

Bada, Euskal Herriko erakunde publikoek –Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Akitania Berria, foru aldundiak, udalak…– garapenerako lankidetzara bideratzen duten dirua batu eta herritar kopuruarekin zatituz gero, euskal herritar bakoitzaren izenean lankidetzara urtean 30 euro besterik ez da bideratzen.

30 euro. Biztanleko eta urteko. Munduko ia %10 aberatsenetan egonik. Biztanleko 40.000 euroko BPGa izanik. Ongi ikusten al dugu geure burua ispilu horretan?

Oraintxe ari dira erakundeak datorren urterako aurrekontuak prestatzen. Helduko al diogu gure elkartasuna behar den tamainan hezur-haragitzeko aukerari?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.