Sailburu andrea, gonbidapen batekin natorkizu, Basurtuko ospitaleko Erradiologia zerbitzura bisita egiteko. Hurbildu zaitez eraikin nagusiko sotoetara, gurutza itzazu sabaiak hodiz josita dituzten pasabideak, jaitsi irisgarritasun irizpideen kontrako eskailerak eta sartu zaitez ziega baten tamaina gogorarazten duen leihorik gabeko itxarongelara. Egon zaitez bertan ordu eskas bat, erradioterapia tratamendua jasotzeko zain dauden pazienteen artean. Begiratu iezaiezu begietara, eta zeure buruarekin hausnarketa zintzoa egin.
Neba-arrebok zazpi aste egin ditugu egunero-egunero senitarteko bat erradiologia zerbitzura laguntzen. Lehenengo eguneko hotzikara barruan daukagu oraindik. Hezkuntzako profesional gisa, ondo baino hobeto dakit espazio goxo eta abegikor batek haurraren garapenean eta ongizatean duen garrantzia. Zer esanik ez, minbizia bezalako gaixotasun larri baten kontra borrokan ari diren pertsonen ongizatean. Basurtuko ospitaleko Erradiologia zerbitzuko instalazioek gabezia nabarmenak dituzte. Han sartu bezain laster zabortegi baten paralelismoa datorkizu burura, gaixoen zabortegia. Adin guztietako jendea elkartzen da han. Goizean zazpi orduko kimioterapia-saioa jaso ostean, arratsaldean erradioterapia jaso behar duena. Zaman trakeotomia eginda duena eta makulu baten laguntzaz eskailerak nekez jaisten dituena. Gaurkoa erradioterapiako azken saioa duela begi distiratsuz eta itxaropentsuz esaten dizuna. Edota lehen saioari beldurrez eta urduritasunez itxaroten diona.
Bizipen horiek guztiak biltzen dira erabat deshumanizatuta dagoen espazio batean. Minbizia bezalako gaixotasun larriaren kontra borrokan ari diren pertsonek duintasun gehiago merezi dute. Bide latz hori arinduko dien espazio goxo eta atsegina eskura izatea, esaterako. Ez da neurrigabeko eskaera.
Horren kontrapuntu modura, bertako langile eta profesionalen arreta egokia, zerbitzu bikaina eta hitzez eskertu ezin daitekeen hurbiltasuna. Mila esker zuen inplikazioagatik.
Eta zuri, Sagardui andrea, berriz, hara bertaratzeko gonbidapena onartzeko eskatzen dizut. Bisitaren ondoren zuri ere ezinbestekoa irudituko baitzaizu Basurtuko Erradiologian inbertsioak bideratzeko beharra, bertako instalazioak gaixoentzako espazio duin eta abegikor bihurtzeko.
ZUZENDARIARI
Gotzone Sagarduiri gonbidapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu