Zuzendariari

Gor ala itsu?

Urdiain.
2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
«Nik nahiago dut itsu gelditu gor gelditu baino». Behin baino gehiagotan aditu izan diot hori jendeari, eta nik ere hala pentsatzen dudala onartu behar. Baina ez dakit iritzi hori gizartea hartzen ari den norabidearekin oso bat datorren.

Izan ere, gaur egun geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio ikusgarritasunari. Gauzak apart eta ikusgarri egin nahi izaten dira jendea erakartzeko. Zinea izan liteke horren adibide: sarritan, pelikula batean efektu berezi andana erabiltzea aski izan liteke jendearen arreta erakartzeko. Agian filmak ez du eduki aipagarririk izango, baina berdin dio. Pantailan agertzen diren kolore bizi eta gertaera sinestezinak ikusleentzako amu eraginkorrak izan daitezke. Horrekin ez dut esan nahi zinezale guztiak ikusgarritasun huts horrek asetzen dituenik, inondik inora, baina askotan lanari nolabaiteko errentagarritasuna ateratzeko balio izaten du.

Ikusgarritasun horren itzalean gelditzen da askotan zentzuduntasuna. Eta zentzuduntasun horrekin batera komunikazioa bera ere bai. Horregatik nioen ez nekiela goiko iritzi hori gizartearen bilakaerarekin oso bat ote datorren.

Horrekin ez dut esan nahi gorrek komunikatzeko gaitasunik ez daukatenik. Jakina da gorrak keinu hizkuntzaz edo ezpainak irakurriz ongi komunika daitezkeela. Baina, dudarik gabe, ahozko hizkuntza izan da beti komunikaziorako tresna nagusia. Zentzu horretan, argi dago gorra izateak oztopo handi bat dakarrela.

Gaur egun, ordea, komunikatzeko beste era batzuk garatu dira. Sasi-komunikatzeko esango nuke, ez baitut uste pantaila baten aurrean teklatuari eraginez aurrez aurreko elkarrizketa batean bezain ongi komunika gaitezkeenik. Egia da ordenagailuak munduaren beste izkinako norbaitekin (agian ezagutu ere egingo ez dugun norbaitekin) sasi-harremanetan jartzeko aukera eskaintzen digula, baina, era horretan, sekula ez dugu lortuko aurrez aurreko harreman batean bezainbesteko etekinik. Geroz eta lagun gehiago izango ditugu, baina geroz eta bakartiago sentituko gara.

Eta ikusgarritasunak komunikazioa bigarren plano batean utzi duen bezala, komunikazio modu berri horien erruz benetako harremanak ere bazterrean uzten ari garelakoan nago. Geroz eta denbora gutxiago eskaintzen diogu elkar ulertzeari. «Besteek esan dezatela nahi dutena, nik hau nahi dut, eta kito». Gizarte indibidualista honetan, norbere interes eta desirak lehenestera jotzen dugu, kasu askotan ingurukoen kezka eta ardurei bizkar emanez. Zentzu horretan, aldamenekoari ez entzuteak jadanik ez dirudi horrenbesteko garrantzirik duenik. Aldiz, ikusgarritasuna horrenbeste bilatzen den gizarte honetan, begira itsu batek zenbat gauza galtzen dituen!

Baina, tira, gor geratzeari itsu geratzeari baino beldur handiagoa izateak, oraindik gure baitan zuzenean komunikatzeko behar bat sentitzen dugula pentsarazten dit. Ea ba honek horrela jarraitzen duen; niri, bederen, isiltasunak iluntasunak baino ikara handiagoa eragiten dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.