Azken urtebetean Getxoko Romo auzotik Leioarako paseoa Ondizeko muinotik egin ez duena harritu egingo da urrunean Oiz mendia ikusi ohi zuen punturantz begiratu eta garabi erraldoi bi topatzean. Antza, lehengoan metroan nire ondoan zetorren pertsona ere ez da aspaldi bazter horietatik paseatu: «Leioak larre mordoa dauka», azaldu zion kanpotarra ei zen bidaideari. «Horregatik ari dira eraiki eta eraiki», erantsi zuen segituan.
1900. urtean, 1.846 biztanleko landa-gunea zen Leioa; 2016an, 30.857 lagun jaso zituen bertako erroldak. Hondeamakinak eta garabiak Ondiz edo Sarriena auzoetan dabiltzanen abiadan jardunez gero, lur horiek ez dute mende hau berde amaituko, eta, lo egiteaz gain, udalerrian ezer gutxi egiteko aukera izango da. Gaur egungo umeek beraiek ia ez dute txabola bat non eraiki, eta sekula ez dute zapaburu edo arrabiorik harrapatu. Izan ere, txikitan jolastu ginen landa, urmael eta hareatza asko porlanez edo asfaltoz estaliak daude.
Lur planetaren eta bertan bizi garenon ongizateaz arduratuta dabiltzan beste askok bezala, Ekologistak Martxan taldeko Luis Gonzalezek eta Ramon Duranek letra larriz idatzi izan dute energia merkearen akaberak muturreko elegantea ekarriko digula porlanezko ongizatearen lozorroan bizi garenoi. Soldatapeko langileok, bidaiatzeko ahalmena edo IKT noiznahi erabiltzeko aukera ez ezik, erosketa-saskia etxeratu ahal izatea ere petrolio, gas eta ikatz merkeari zor diegu. Halaber, ongizate gizartea deritzogun horren azpiegitura, zerbitzu eta diru-laguntza guztiak goizago edo beranduago benetako luxu bihurtuko diren erregai fosil horiexen menpe daude. Eta, aurrerapen-zaleek saldu nahi digutenaren kontra, energia berriztagarrien produkzio industrial masiboa kolokan gera liteke erregai fosilen hausporik gabe.
Luis Gonzalezek berak otsailean Getxoko Tosu landako Erresistentzia Akanpadan emandako hitzaldi mamitsuan iradoki bezala, beldurgarria da pentsatzea egun ez dugula epe ertaineko eroriko horren mina arinduko digun gomazko kuxinik prest. Gure esku dago, ordea, egungo anestesia egoeratik irtetea, petroliotik eratorriko makulu eta babesak pixkanaka errefusatzea eta benetan jasangarriak diren bizimoduei heltzea. Gure esku dago, finean, etorriko zaigun negu luzea zelako gorria ala berdea izango den. Tosuko gazteek argi dute hori, eta horregatik dihardute boto-harrapatzaile askoren ahotan hitz hutsalak bihurtzen diren kontzeptu ekologisten gaineko errealitateak gauzatzeko lanean. Bere txikitasun xumean, eta bere morrontza edo hipoteka politikorik ezean, ederra da Tosuko ortu okupatuetako lagunak Andra Mari auzoa urbanizatzearen aurka egiten ari diren borroka. Hogei urte barru atzera begiratu eta, damuz beterik, bidea gazte horiena zela esan ordez, hobe genuke haien itxaropen zidorrari oraintxe heltzea.
ZUZENDARIARI
Gomazko zoladurarik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu