ZUZENDARIARI

Gladysen omenezko plaka berria

Eguzkiren izenean.
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Gaur, hilak 3, Guardia Zibilak Gladys del Estal Tuteran hil zueneko 35. urtemuga da. Atzo gogoratu genituen Gladys bera eta hilketa bidegabe hura Egiako parkean, urtero bezala, lagun giroan. Aurten ezuste polita izan dugu. Izan ere, Donostiako Udalak Gladysen omenezko plaka jarri du parkeko goiko zelaian, Gladysen oroitarriaren atzean.

Ez da zehatz-mehatz guk eskatutakoa (batez ere monumentua lehengoratzeko eskatu genuen, parkearen azken zaharberritzean desitxuratuta geratu zelako), baina zinez estimatzen dugu Udalak emandako pausoa.

Zinez estimatzen dugu, alde batetik, aitortzaren bidean emandako pausoa delako. Kontuan izan behar da Gladysek jarraitzen duela bigarren edo hirugarren mailako biktimen artean, oraindik ez baitu merezitako aitortza izan.

Bestetik, urteak ez direlako alferrik pasatzen. Memoriaren itsasoan ontzi asko dabiltza hara eta hona, eta komeni da ainguraleku fisikoak ere finkatzea gugan arrastoa utzi duten ontzientzako, halako batean eta ustekabean zeruertzean edo lanbro artean begi-bistatik betiko galdu ez daitezen. Batez ere arrasto horren berri ondorengo belaunaldiei pasatzea merezi duela uste badugu. Eta Gladysen kasuan merezi du, dudarik gabe. Merezi du gogoratzea nola hil zuten —hura ahazterik ez dago, noski— eta merezi du gogoratzea nola bizi izan zen.

Horregatik estimatzen dugu plaka berria, zinez estimatu ere, Garcia Lorca pasealekutik parkera iristea ahalbidetzen duen zubitxoari Gladys del Estal izena eman izana estimatu genuen bezala.

Alfonso Sastrek inoiz idatzi izan du urteurrenak memoriaren makuluak direla. Ez dakigu plaka berria ere makulua den, baina Gladysen memoriari bidea egiten lagunduko dio, ezbairik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.