ZUZENDARIARI

«Ghetto» balizkoez, euskararen prestigioaz eta noraezaz

2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ghettoa «arraza, etnia, erlijio edo testuinguru sozioekonomiko jakin bateko pertsonak bizi diren barrutia da, bazterketa egoeran gehienetan (...) Beren ohitura, arau edo/eta lege bereziak izan ohi dituzte, ingurukoetatik bereiz», Wikipediak esana.

Euskal Herrian eta hainbat euskaltzaleren aldetik, nahi baino sarriagotan entzun edo irakurri ohi dugu «ghetto!», anatema antza, euskal hiztunak biltzeko saiakeraren bat proposatzen den bakoitzean. Etxetik euskaldun diren ikasleak eskolan ez sakabanatzeko eskatzen duten gurasoek epelak entzun behar izan dituzte eskari xume hori egiteagatik. Euskaldunak hiri erdaldunduetako auzoetan biltzea iradokitzen bada, «ghetto!». Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herri oraindik euskaldunei ere «ghetto» esaten dien euskaldunen bat edo beste ezagutzen dut.

Harrigarria bezain iraingarria gertatzen zait. Soziolinguistikako lehen ikasturtekoa da, gurea bezalako hizkuntza eta komunitate gutxitu, birrindu eta zapaldutako baten berreskurapenerako hil ala bizikoa dela hiztunak trinkotzea eta egituratzea, herri-nortasuna eta gu izateko nahia berreskuratu ahal izateko, eta batez ere hizkuntzaren erabilera bera bideragarri egiteko.

Ez ote dakigu zein den, ia osorik euskaldunez osatutako talde batean ere, erdaldun bakar batek lortzen duen eragina? Horregatik, eskolan ume euskaldunak sakabanatuz edo herri euskaldunetan babes neurririk hartu ezean, erdaraz jardutera kondenatzen ditugu batzuk eta besteak. Ez dago Txepetx izan beharrik hori ulertzeko, nork bere begi-belarriez ikusi eta entzun baitezake.

Herri erdaldunduetan, giro erdalduneko eskoletan bezala, euskaldunak trinkotzea nahitaezko baldintza da euskaraz jarduteko aukeraren bat izanen badugu. Zaila dago, hala ere, euskararen prestigioa lur jota baitago orain ere, eta ez espainiarren eta frantsesen ahaleginari esker soilik; Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikak, EITBk berak adibidez, laguntza paregabea eskaintzen die zeregin horretan Espainia eta Frantzia uniformezaleei. Hau da, euskaldunok trinkotuta ere, zailtasun handiekin egiten dugu topo euskaraz jarduterakoan. Hori bai, sakabanatzen bagaituzte, orduan ezinezkoa da.

Komunitatea saretzea eta trinkotzea premiazko neurria da, desagerpena ekiditeko ezinbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.