Arrankudiaga

Gerran hildako gure osaba Fermin Arandia Basterra gogoan

Jon Arandia Isusi
2024ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun

Zure heriotzaren 85. urteurrenean gogoan zaitugu eta zure omenez bilduko gara jaio eta bizi zinen herrian, Arrankudiagan.

1915eko azaroaren 11n jaio zinen familia baserritar batean, eskolara joan eta gero anaiekin batera Arratian pinuak botatzen ibilitakoa.

Militar faxistek estatu-kolpea egin zutenean eta, ondoren, Gerra Zibila piztu zenean herriko Defentsa Komitearen agindupean aritu zinen eta gero gudari moduan, inguruko gazte gehienak bezala, Araba batailoian, hasieran Eleizalde konpainian eta geroago Alaitzan 1937ko ekaina arte, Euskadiko Gobernua eta ejerzitoa desagertu arte. Gero frankisten errepresioa jasan behar izan zenuen.

Handik aurrera ez dakigu oso ondo zer gertatu zitzaizun baina bai Defentsa Komitearen agindupean aritzeagatik langile batailoi batean preso sartu zintuztela eta bertan egonda Bartzelonako Vallcarca ospitale militarrean zendu zinela 1939ko maiatzaren 18an, eta Montjuic hilerriko hobi komunean hilobiratu zintuztela maiatzaren 21ean. 

Ez zen amaitu zure aurkako indarkeria hil ondoren. Zure heriotzaren oroigarrian Caído por Dios y por España jarri behar izan zuten. 1952. urtean saiatu ziren zure gorpuzkiak Cuelgamuros haranera —garai hartan Erorien Harana edo Valle de los Caídos— eramaten, baina ez zuten azken umiliazio hori lortu.

Jaio zinen etxean beti egon zen zure erretratua horman eskegita eta zure amak, Bixenta, mesanotxeko tiraderan zure erretratu txiki bat zeukan.

Etxetik urrun egon arren, noizbehinka bisitaren bat izan duzu familiaren aldetik, gainera zauden hilerriko agintariek idatzi digute esanez zauden hobi komun horretatik ez dela posible zu ateratzea.

Maitasunez, zure sendia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.