ZUZENDARIARI

Gerora lehertzeko ametsa

Haltsu
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Natura hondamendiek keinu iragarleak izan ohi dituzten bezalaxe, azken egunotan PSEko hautetsi batenean eta EAJren batzoki batean egin diren pintadak halakotzat hartzen ditut.

Bonbak isildu dira, baina eskubide urraketek segitzen dute, apika areagotu ere egin dira. Eta antiterrorismoa deritzoten horretan adituak direnek hain hurbiletik zaintzen dituzten keinu ahulak hortxe ditugu, ate joka.

Ametsa saldu digute. Bakearen ametsa. Alde bakarreko bakearen ametsa.

Ustekabeko mahai inguru birtual batean aritu dira, ari dira, batzuk jakinean, beste batzuk beharbada ez, amets hori diseinatzen: espainiar eta frantses estatuak eta euren ordezkariak, euskal alderdi politikoak, abertzaleak barne, bakegile direlakoak eta ETA erakundea bera.

Politika eraginkorraren edo errealistaren izenean Euskal Herriaren mendeetako askatasun egarriari ez ikusiarena egiten diote, baina; herriaren eskubideak zokoratzeraino; ETBk euskarari sekulako labankadak emateraino; eta bake prozesua-ren geldotasuna aitzinamendutzat irudikatzeraino.

Lan arloan, sindikatuek langileen eskubideak behar bezala defendatzen ez dituztenean, orduan sortzen dira egiazko arazoak. Hori da, hain zuzen Frantzian jalgi den jaka horien mugimenduaren sorburuetako bat. Mugimendurik gabe, ordea, zenbaitek depresioa pairatzen dute, beste batzuek beren buruaz beste egiten dute. Hori da hondamendia. Ordezkariek kale egiten dutenean dator hondamendia.

Euskal Herriko alderdi eta mugimendu politikoek ez badiete keinu ahul horiei, pintada horiei, besteak beste, behar bezalako erreparorik egiten, beldur naiz ez ote diren, mahai inguru horretan, gerora lehertuko den bonba diseinatzen ari. Batzuk maltzurkeriaz, besteak ergelkeriaz.

Estatuek beren bide orriak segituko dituzte, epe luzeko higadura estrategia batekin. EAJ beti hor dugu, enboskadan, egoera orotik etekinen bat ateratzeko prest. Eta EH Bildu... EAJren atzetik. Biak ala biak, iparra galdurik, zorigaiztoko ika-mika negargarri eta hilgarri batean.

Testuinguru horretan, ez al dute EH Bilduk eta EH Baik ere pintadarik merezi?

Lerro hauek dira, nik, bereziki bi horiei, egiten diedan pintada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.