ZUZENDARIARI

Gernika-Lumo bonbardatu dute (berriz)

2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gernika-Lumon udal hauteskunde osteko bi alderdiren artean (EAJ-GH) eman den akordioak sentsazio gozakaitza utzi dit urdailean. Herritarrek ezinegonean bizi izan dute nork eskuratuko zuen aginte-makila eta gidatu lau urtean herriko politika orokorra. Estu hartu ditu bozketak hiru alderdi politikoak, EH Bildu garaile atera bada ere. Uste izatekoa izan da, hortaz, hauteskundeetan garaile atera denari lagako ziotela gobernua osatzen, nahiz eta minorian izan.

Baina hara, GHk azken txanpan onartu du EH Bildurekin berba egitea, erabakiak hartuta dauden azken egunean. Solastearen kortesia faltsua da hamasei urteotan Gorroño deskribatzen duen ezaugarria, Gorroño despotarena. EAJk ere despota jokatu du, muzin egin baitio EH Bilduri, hark egingo diola agindutako azken deiari.

Azpijokoak, engainuak, traizioak, horiexek dira EAJ eta GHren jokamolde karakteristikoak. Gero badaude politika egiteko beste modu batzuk ere: «Nire etsaien etsaia nire laguna da». Hortaz, EAJk eta GHk etsai dute EH Bildu eta haiek hartzen dituzten erabakiak, justizian barik, gorrotoan oinarritzen dituzte.

Gurean hirugarren geratu dena bigarrenarekin iritsi da akordio miserable batera (miserable: arbuiagarria den portaera, batez ere asmo txarrez jokatzen denean, besteei egiten dien kalteaz axolatu barik).

Orain ulertzen dut zer esan nahi duen poltronismo hitzak edo baita botere gose agortezinak ere (diru gose barne, hiru aldundien jabe egin baita EAJ). Kasu hauetan ez dira herritarren interesak edo emandako botoak kontuan hartzen, alderantziz, erdeinatu egiten dira. Norberarenak dira interes kazikia bakarrak, herriak hautatua bost haiei! Eta haien portaera definitzen duten hitz bat baino gehiago dago: indignoak (indignoa: erantzukizunez, seriotasunez eta bere buruarekiko eta besteekiko errespetuz jokatzen ez dakiena, eta umiliatzen eta degradatzen duena aurkaria); printzipiorik ez izatea (printzipioak: gezurrik ez esatea, gainerako pertsonen eginbidea errespetatzea, herritarrena, batik bat).

Era kanalleskoan portatu dira. Gernika-Lumoko alderdi irabazletik onura lortu dute duela gutxira arte elkarri gorroto izan dioten biek ala biek. Perbertsoa da hauen jokamolde politikoaren ezaugarri nagusia.

Demokrazia eta politika egitea hau ere badenez gero, joan daitezela biak ala biak txerri askara, kakatzan eta usain fetidoz inguratuta hobeto moldatzen baitira, joko zelai garbi eta aratzean baino.

Oharra: kanbalatxe hauek estrapolagarriak dira Euskal Herri mailan EAJ-PSOEren artean eman izan diren akordioetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.