ZUZENDARIARI

Gaztelaniarik gabeko Euskal Herririk ba ote da?

2016ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Idoia Mendiak uztailaren erdialdean euskarari buruz zer esan zuen entzunda, une batez Euskal Herri imajinaezinaz ari zela pentsatu nuen, hots, gaztelaniarik gabeko Euskal Herriaz, ez baitzuen ia gaztelaniari buruz ezer esan. Ezin ukatu: nire alde gaztelaniaduna jeloskor sentitu zen, Idoia Mendiak den-dena euskarari eskaini baitzion, eskuzabal. Bere hitzetan, euskarak izan behar zuen kohesiorako tresna eta ez gatazkarako, euskara ikasi behar zela askatasunean eta inposiziorik gabe; euskarak «territorio amable» bat izan behar zuela. Baina hitzik ere ez gaztelaniari buruz. Zer ulertu behar ote zen esan zituen eta ez zituen hitz haietatik? Gaztelania ez dela kohesiorako tresna edo gatazkarako tresna dela? Ez dela gaztelania askatasunean erabili behar? Edo, are okerragoa, gaztelania inposatua dela? Bazen zer pentsatu, eta nire alde gaztelaniaduna lasai sentitu zen une batez, ezen, Konstituzioak dioenez, nahi eta nahi ez denok gaztelania ezagutzeko obligazioa daukagu (euskara ez bezala).

Bost izarreko saltzaileak: Bilboko kaleetan zehar marketin gutxiko eta paperik gabeko saltzaile beltzei, noiz edo noiz, euskaraz entzuten zaie. Ez naiz ari «merke, merke!» ezagun horretaz. Hasierako agurrak, prezioak eta esaldi borobil bat edo beste botatzen dituzte, estraperlozko merkantziak saltzearren. Ezkutuko ekonomiaren adierazle dira horiek.

Bilboko kaleetako hotelek ezin bide dute bosgarren izarra eskuratu bezeroei euskaraz erantzun ezean, Turismo Legeak agindu bezala. Horixe da, behintzat, Idoia Mendiak salatu duena kobazulo batean egindako euskarari buruzko hausnarketan uztailaren erdialdean. Oraingoan ere euskara (euskararen erabilera) da eragozpena Euskal Herriko hotelek bosgarren izarra lor dezaten turismoari hobeto erantzuteko, ageriko ekonomiak aurrera egiteko eta abarretarako.

Honatx galderak erantzunik behar ez dutenak: paperik gabeko saltzaile txikiek egiten dutena ezin ote dute egin Euskal Herriko hotel handiek bezeroei erantzuteko? Bezeroei bere hizkuntzan erantzuten ez dien hotelak lor dezake bosgarren izarra? Edo atenditua izateko bezeroei beste hizkuntza bat erabilarazten dien hotelak lor lezake bosgarren izarra? Edo hizkuntza ofizialean zerbitzatzen ez duen hotelak ba ote du bosgarren izarrik?

Hainbat topiko oker: gezurretatik, intoxikaziotik eta desinformazioetatik abiatuta, nekez egin daiteke diskurtso lasai eta eraikitzailea, Idoia Mendiak hitzaurre hartan esan bezala. Hona hiru adibide:

—«La vasca es una sociedad bilingüe». Ez. Euskal gizartea jende elebakarrez, elebidunez, hirueledunez eta abarrez osatuta dago. Baina elebakar bik, elkarren ondoan egonda, ez dute osatzen bikote elebiduna, lehen bezain elebakarrak baitira, eta komunikazioa ezinezkoa da horietako batek (edo biek) bestearen hizkuntza ikasi arte.

—«Libertad en el uso del idioma que desees». Askatasun hori asmoen aitortza bat izan daiteke, baina ez errealitate bat lehenik ez badago nahi den hizkuntza erabiltzeko egiazko aukerarik edo baldintzarik. Adibidez, euskaraz egiteko baldintzarik ez dago administrazioko langileak ez dakienean (edo behar bezala atenditzeko nekez dakienean) herritarren edo bezeroaren hizkuntza. Arlo publikoan gobernuei dagokie baldintza horiek sortzea.

—«Los derechos lingüísticos dejen de chocar con los derechos de los ciudadanos». Jendeak ba ote ditu alde batetik hizkuntz eskubideak eta beste aldetik herritarren eskubideak, talka egiteko moduan? Ez ote dira hizkuntz eskubideak herritarren eskubideak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.