Arrasate

Gazteengan errespetua sustatu nahi badugu, izan gaitezen eredu, herritar bezala, herri bezala

Yolanda Jimenez Sudupe
2024ko urriaren 16a
05:00
Entzun

Gure gizartean indarkeria arazo larria daukagu hainbat esparrutan; eta zezenekin egiten diren ikuskizunetan izaten den errespetu eta enpatia faltak indarkeria arazo hau areagotu besterik ez du egiten.

Gizakia, biologikoki, enpatia gaitasunarekin jaiotzen da; ebolutiboki, besteei laguntzeko diseinatua dator mundura. Ezaugarri hau, haurtzaro eta gaztaroan jasotako hezkuntzaren arabera, garatuagoa izango da. Familia, eskola komunitate eta ingurune soziokulturalaren bitartez balioak transmititzea helduon erantzukizuna da; gure esku dauden eremuetan xehetasun guztiak ondo zainduz, eta eredu emanez. Nola sustatuko dugu beraiengan errespetua, gure udaletako kultura sailek, animaliekiko tratu txarrak normalizatuz, besteenganako jarrera itsusiak bultzatzen badituzte? Errespetu, enpatia eta sentsibilitate faltan oinarritutako ekimenak antolatzen badizkiete?

Komunitate zientifikoak aho batez onartu du animaliek sentitzeko eta sufritzeko gaitasuna dutela. Eta sufrimendua ez da txarra pertsonentzat bakarrik, jasaten duen beste edozein izakirentzat ere bai. Mina mina da beti; beldurra beldurra da; guretzat, eta animalientzat. Zaurituak ez izan arren, bere taldetik bananduak izan diren zezentxo gazte horiek, beraientzat ulertezina den jendez beteriko ingurune zaratatsu baten noraezean, larrituta, izututa, urduri... izaten dira; non gorde eta ihesbiderik ez duten esparru itxi batean.

Jai giroan murgilduta ospatzen ditugu ikuskizun bihozgabe hauek; baina errealitate hau, normaltasun osoz bizi dugun arren, tratu txarra da. Tratu txarra ez da bakarrik jo edo irain egitea. Tratu onik ez ematea tratu txarra da. Bestea jazartzea, gogaitzea, gutxiestea, zirikatzea, amorraraztea, izorratzea... ez da ausarta izatea; eraso egiteko moduak dira, eta errespetu falta hauek zezenekin egiten diren ikuskizunetan gertatzen dira. Parte-hartzaileek animaliaren sufrimenduaren aurrean itsu jokatzen dute eta bere estutasuna hoztasunez bizi dute; gainera, dibertigarria iruditzen zaie.

Udaletako Kultur Batzordeek, ikuskizun hauek proposatzen dituztenean, nahiz eta animalia hauek babes gabe uzten dituen legeak xedatzen duena bete; beraien buruari galdera deserosoak egin behar dizkiote, eta azterketa eta hausnarketa sakona egin ere bai, ekitaldi hauekin bultzatzen dituzten balio kultural eta emozionalak zalantzan jarriz; etikoki zuzenak diren kontuan hartuz eta benetako balorazio bat eginez. Herritar guztien hezkuntzan inplikatu behar dira; informazio, kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainetan lan eginez, eta inolako indarkeria motarik bultzatzen ez duten ekimen etikoagoak antolatuz.

Ez da erraza aldaezin edo/eta ukiezin ikusten ditugun ohiturak aldatzea, baina posible da. Gaur egun onartezinak iruditzen zaizkigun tratu txar asko jasan dituzte historian zehar hainbat arrazoi desberdinengandik (sexua edo generoa, azalaren kolorea edo ezaugarri fisikoak, jatorri soziala, orientazio sexuala edo gaitasun intelektual edo fisikoak...) diskriminatuak izan diren gizaki askok. Eta orain dela gutxi arte ere, guztiz normalizatuak izan dira gure artean. Baina hasiera batean, beraien desadostasuna erakutsi zuten herritar gutxi batzuen salaketa xumeak izan ziren gizartean poliki-poliki emandako eraldaketaren eragileak.

Beharra duten beste gizakiei laguntzen saiatzen direnek defendatzen dituzten gizakiak sufritzen ari direlako eta elkartasuna eta laguntza behar dutelako egiten dute; ez gogoko edo gustuko dituztelako. Animaliak gustuko izan edo ez, beraiekin ikuskizun hauetan egiten duguna beste edozein gizakirekin egingo bagenu, ez genuke onartuko. Beste izaki baten sufrimendua herritar batzuk dibertitzeko erabiltzea ez da bidezkoa. Jai batzordeek, udalek eta bertako Kultura sailek honelako ekitaldiak proposatu eta antolatzea, gaur egun, guztiz onartezina da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.