Latza da tortura testigantzak entzutea, are gehiago ezagutzen baldin baditugu. Egun hauetan bederatzi gazte nafarren aurkako epaiketa izan da, Auzitegi Nazionalean. Gazte horien artean, Maider Camino eta Alberto Lopez, ongi ezagutzen ditudan bi gazte, ezagunak Iruñerriko herri mugimenduetan egindako lanagatik.
Mehatxu, umiliazio, tratu txar eta torturak jasan izana salatu dute guztiek, «infernua» izan zela. Atxilotuta egonik egindako deklarazioak dira froga bakarrak. Gazteak, nafarrak eta auzoan konprometituak, konbinazio arriskutsua benetan.
Ez da gauza berria, tamalez. XVI. mendeko Nafarroa konkistatu hartatik datozkigu informazio politikoa lortzeko asmoz egindako lehenengo torturen testigantzak. Erregeordeak berak eman zuen atxiloketa batzuen berri, «navarros que tras habérseles dado tormento confesaron actos en deservicio de su Majestad». Aurrerantzean, nafarra eta susmagarria sinonimo bihurtuko ziren. «Susmagarriak», «lapurrak», «traidoreak», «heretikoak»… Eta akusazio horiekin batera hasten zuen bere lurraldetik ehunka kilometrora amaierarik gabeko bidai luze hura, Gaztelako txoko beltzetara. 500 urte hauetan guztietan berdin.
Lerro hauekin zera esan nahi dut: gazte horiek ezagutzen ditugunok ongi dakigu gaizkileak ez direla. Beraz, honekin eskaera bat ere egin nahi dut: gaizkileak atxilotzeko agindu horiek guztiak bertan behera uzteko. Azken batean, gaurko Nafarroarekin konprometitutako gazte nafarrak besterik ez dira.
Zuzendariari
Gazte eta nafarra... beti susmagarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu