Hiritar hori: abuztuak azkenengo astinduak ematen dituen honetan, Barakaldora etortzen utzi didan programa —Oporrak Bakean— bukatzear da. Orain gazi-gozo sentipena dut: nire familia euskaldunarekin geratu nahi dut bi hilabete hauek egundokoak izan direlako, baina kanpalekuetara berriro itzultzeko desioan nago: nire familia han dago, eta, batez ere, nire ahizpa txikiari eta lehengusuei kontatu nahi diet nolakoak diren mendiak eta hondartzak eta ze ondo pasatu dudan Barakaldon. Horretaz gain, komentatu nahi dizut hain politak ez diren uneak ere egon direla; adibidez, Lexuri nire ahizpa euskalduna jeloskor jartzen zenean, edo neu tristatzen nintzenean Saharako familiarekin akordatzen nintzenean. Egia esan, horiek deserosoak izan dira, baina ez dute lainotzen nire egonaldia; gainera, une zail horien aurrean, Euskal Herriko familiaren sostengua sentitu dut. Familia ororekin primeran egon naiz; dena dela, esan behar dut Lexuri izan dela nire babeslekurik onena; izan ere, adin berekoak izateak lagundu egin du. Elkarrekin berba eta negar egin dugu; duda gabe, elkarrekiko irakaspena bizi izan dugu. Datorren astean berriro etxera bueltatzeko garaia helduko da eta ni banago zenbatzen Barakaldora itzultzeko falta diren egunak. Bitartean, gauzatxo bat besterik ez dizut eskatzen: berba egin Oporrak Bakean programaz, zure auzokideari edo lankideari kontatu nire aurtengo esperientzia, eta, bukatzeko, animatzen zaitut 2025eko udan abentura honetan parte hartzera.
Besterik gabe, agur anaikor bat.
Sahara askatu!
Oharra: euskaraz idazten dut, Lexurik irakatsi dit eta. Ederra iruditzen zait zuen hizkuntza; gainera, argi dut ikasi nahi dudala.