Baziren behin hiru lagun, zeinek elkarrekin pasatu zuten asteburu bat. Guztiak Euskal Herrian bizi badira ere, bizipenak sobera ezberdinak izan dituzte.
Bata, Espainian jaioa eta euskalduna. Euskaraz bizi da eta hizkuntza defendatzen eta gozatzen du. Bestea, Lapurdikoa eta euskalduna. Haren hizkuntza ez da ofiziala, baina hori ez da oztopo erabiltzeko. Eta azkena, Frantzian sortua eta euskalduna. Lehen ez zekien euskara existitzen zenik ere, eta bere lanarekin Euskal Herriko produktuak zabaltzen ditu.
Elkar osoki ulertzen dute, eta hizkuntza katea eta gakoa izan zen hori lortzeko. Ez zen kasualitatea izan; izan ere, hizkuntza zerbait transbertsala da arlo guztietan: kirolean, aisialdian, lanean, gai serioez mintzatzean, barre egitean…
Hiru sorterri ezberdinetatik etorriak, Arabako ekialdeko herri batean pilotan jokatu dute elkarrekin, afaria prestatu dute, poteatzen ibili dira, Gasteiz bisitatu dute. Dena euskaraz eta euskalkiak nahasiz.
Kontakizun hau benetakoa da eta horretaz baliatu nahi dut adierazteko euskara bizirik dagoela, gauza normala dela eta ziur asko adibide gehiago egonen direla. Eta, bukatzeko, euskararen doinu ezberdinekiko errespetua eskatu nahi dut.
Eskerrik anitz, L eta H.