Bestek ere esana du norbaiti edo zerbaiti izena damaionak izana ere damaiola, eta ez dabil oker, intentzioaren geziak aski markatua baitu norabidea bataiatze guztietan. Aparteko kontua da gero Eustasiok bataiatzean espero zen irmotasuna lortuko duen bizitzan, Oihanek ekologismoari helduko dion edota Kevinek antzik izango ote duen pantailako aktorearekin. Baina izenak, egia da, izana ere bilatzen du. Eta horixe da egunotan Gorka Urtaran alkateak Gasteizko Kafe Antzokia egitasmoari izena ematean lortu nahi izan duena: kulturguneari geroxeago etorriko zaion izanaren profil jeltzaleak aitzakia feministaren bat barne markatzea, erabaki horrekin bere parte-hartzearen estilo pertsonalista ere markatu nahirik, argi erakutsiz proiektuan agintzen duena nor den.
Pentsatzekoa da, bestalde, ez dela hori alkateak bere bakardadean itsumustuka erabakitako izena, ez baitira hain tolesgabeak gure agintarien ustezko jokaldi inozoak. Donostiako alkateak, adibidez, ongi asko islatu du zer-nolako joko zerutiarretan dabiltzan jeltzaleak Txillardegiren izena liburutegi bati ere ez eskaintzean, errelato ofizialaren orrialdeetan, izen bereko institutu, liburutegi eta kulturune faltarik ez bada ere, ez baita tokirik Euskara Batuaren arima eta sustatzaile nagusia izan zen Txillardegi desafektoa-rentzat.
Itxuraz kontrara baina de facto politika beraren osagarri gisa, Urtaranek egin duen jokaldi autoritario eta onartezin honetan, euskaldunon arteko ulerbidea, elkargunea eta hizkuntza nazionala izateko proposatua den Euskara Batuaren aurka jokatu zuen emakume baten izena jarri dio Gasteizko Kulturguneari, hots, azkenera arte euskara estandarra arbuiatu zuen ez dago aditz egokiagorik emakume baten izena.
Esan beharrik ez da inork ez diola meriturik kentzen frankismo garaian irakaskuntzan jardun zuen andereño ausart eta kementsu hari. Are gehiago: inork ez luke kontrakorik esango eta inork ez du ezer esan inoiz irakasle-lan hargatik jasotako deduengatik. Ez dirudi, horratik, taxuzko Euskara Batua mintzaira ofizialtzat duen gizarte honetako euskal hiritarron erreferentzia izan beharko lukeen kulturguneak haren izenaren zama bere gainean sekula guztirako eraman behar izateak.
Denboraz genbiltzake oraindik aipatu okerrak zuzentzeko, autoritarioak eta izendapenari dagozkionak hain zuzen. Baina ez da, ezinbestez, Gorka Urtaran bera mugitzen hasi behar duen lehena.
ZUZENDARIARI
Gasteizko Kulturgunearen batai(l)atzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu