Ekainaren 4an Uxua Garcia Antoñana Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako zuzendari berriaren aurkezpen-ekitaldian izan nintzen, ikasle gisa. Ana del Val Sancho andrea ere bertaratu zen, Kultura eta Kiroletako foru diputatua eta eskolaren patronatuko lehendakaria ere badena.
Ezaguna da patronatuak eskolako zuzendaritza kanpora esleitzeko hartutako erabakiak sortu duen gaitzespena. Ekitaldia amaituta, diputatu andrearengana jo nuen nire kezka adierazteko; izan ere, zuzendari lanposturako eskakizunen artean «euskararen ezagutza» (sic) ezinbestekotzat jotzen da, baina gaitasun-mailarik zehaztu gabe. Harrigarria, hori baita pertsona batek hizkuntza batean modu egoki eta eraginkorrean moldatzeko duen gaitasuna ziurtatzeko bide objektibo bakarra.
Zentzugabekeria honek —baliteke legez kanpokoa ere izatea— ekarri du hautatutako zuzendariak euskararen ezagutzarik ez izatea. Baina kargu horretarako beste bi eskakizunetan argi eta garbi zehazten da zer maila behar den lanpostua lortzeko. Beraz, euskarari dagokionez, bete beharreko baldintza bat dagoela esatea gezur hutsa da. Bitxia da azken urteetako kontratazioetan Arte eta Lanbide Eskolako irakasleei B2 maila eskatzea eta zuzendari lanpostuak gutxieneko hori ere ez izatea.
Diputatu andereak erantzun zidan hautaketa prozesuan kudeatzaile profilari eman zaiola lehentasuna. Bateragarriak direla adierazi nioenean, aitortu zuen euskara gaitasun-mailarik ez eskatzeko arrazoia izan dela Arte eta Lanbide Eskolako irakasleei lanpostura aurkezteko aukera ematea.
Gauzak horrela, kezkagarria da pentsatzea patronatuak prebarikatu ahal izan duela, hautagai jakin batzuei mesede egiteko, berdin eskolako irakasleak izan ala ez; horrekin batera, herritar guztion hizkuntza- eta kultura-eskubideak urratzen direlarik.