Halaxe entzun diot Gasteizen manifa aurkezten ari den esatari bati: «Ez goaz inoren aurka, baizik giza eskubide eta askatasunen alde». Beste batek: «Egoera honen aitzakiaz eskubide horiek murriztearen aurka gaudela erakustera gatoz. Hemen bildutakoak pentsaera eta ideologia anitzeko jendea izan gaitezke. Gu denok batzen gaituen gauza bakarra, berriz, giza eskubideen defentsa!».
Eta txalo artean abiatzen da maiatzaren 15eko manifestazioa, pankarta ugariz hornituta. Bidean gero eta jende gehiago atxikitzen zaio, belaunaldi berriko jendea, ni haien artean agure. Bidean, euskal kantak, soinulariak, kale-antzezleak, dantza erritmikoa, erreibindikazio leloak...
Ematen du udaberria indar handiz loratu dela bat-batean. Apropos eragindako panikoaren kariaz kikilduta zegoen jendea Eguzki Amaren argitara atera dela. Ama Zuriaren plazan 3.000 lagun inguru, aspaldiko manifa handiena.
Ikusiak ikusita, esandakoak entzunda, ez deritzat batere hanpatua aldarrikatzeari ezen lehena eta geroa markatzen duen puntua izan dela. Hurrengo egunean, igandea, errealitate hitsera jaitsita, zera egiaztatuko dugu: gure hedabideek, ez publiko ez erdi-publikoek, ez dutela aipatu ere egin atzokoa. Lau lerro ere ez. Jokoz kanpo berriro, hirugarren txartel horia?
Egiaz, Gasteiz-15eko aldarri hori lehena eta geroa banatzen duen puntua izan daitekeela uste dugu. Zantzu guztien arabera, noizean behin baino gertatzen ez diren bidegurutze batean aurkitzen garela iritzita.
Izan ere, duela bi urte, «jauzi kualitatiboaren itxaropenaz» aieru nenbilenean, une berezi bat bizi genuela idazten nuen: egoera eta egitura hauskor batean, alegia. «Halakoak gertatu izan dira zenbaitetan historian», nioen. «Adibidez, nork pentsa zezakeen Kaukasoz iparreko estepak lehortzean Europara mugitu ziren ganaduzale nomada ario haiek Garaldeko zibilizazio autoktonoa eraitsi eta gaur egun daukaguna ekarriko zigutela? Edota Europa iparraldeko oihanetan bizi ziren 'barbaro' haiek Erromako Inperioa suntsituko zutenik? Gutxien espero den gunetik sor daiteke ezuste periferikoa deritzana, eta statu quo-a irauli ustekabean».
Zein da, gaur egun, periferiako ezuste edo ustekabe hori? Pandemia delakoa eta ostean etorriko zaigun guztia. Zera genioen orduan: «Eskerrak eboluzioaren garapenean jauzi kualitatiboak gertatzen direla. Fisika eta biologia mailan gertatzen direnean jauzioi, 'kaos edo katastrofe egoera' deritzote. Baina giza historian ere gertatzen da halakorik: eta oraingo honetan bada halako sintomarik. Batetik migrazio masiboen atarian gaude. Horri mehatxu guztien ama den klima aldaketa gehitu behar zaio. Bestetik, erdiko klasea deritzona erortzeaz batera, langile prekarioaren bakardadea daukagu. Egur meta nabarmena, hori guztia, jauzi kualitatibo bat gerta dadin. Une horretan, baldintza ezinbesteko bat izango dugu iraultzara jauzi egiteko: kritiko izatea».
Nork pentsa zezakeen orduan erbia nondik azalduko zen! Bada, azaldu zaigu muturren aurrean eta muturreko galanta eman. Bada, izan gaitezen kritiko oraingo honetan!, tamalezko eki-urruntasuna lagata. Kazetaritza jarriko dut adibidetzat, guztion gaitz hau, eki-urrutiar izatearena, zertan datzan azaltzeko. «Palestinarrek hau eta hau diote; eta Netanayuk hori eta hura». Eta kito, akabo auzia. Bada, inor ezin gara mugatu eki-urrutiar izatera, eta orain inoiz baino gutxiago. Justiziaren aldeko izan behar dugu.
Mundu osoko informazioa lotzen duten Agentzia Handikiek platerera ematen ez dutena, kalean eta nonahi ikertzea dagokie kazetari jatorrei, Gasteizkoari buruz egin dutena berriro egin ez dezaten.
Zer jauzi dago kritiko izatetik iraultzaile izatera? Antolatzea eta ekitea. Herri antolatua, inoiz ez zanpatua.
ZUZENDARIARI
Gasteiz-15 aldarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu