Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko garbitzaileak (gutuna 26 langilek sinatzen dute)

Garbiketako langileak ere Osasunbideko langileak gara

Edur Perez eta Lucia Ruiz
2025eko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko garbiketa-zerbitzuko langileok gure lanaren balioa nabarmendu dadila nahi dugu, baita herritar guztien osasun-laguntzaren egunerokotasunean duen garrantzia ere. Guk egiten dugun lanak zerbitzu garrantzitsu eta espezifiko askori eragiten die: ebakuntza-gelak, ospitalizazio-solairuak, hematologia, konorteratze unitatea... Paziente larriekin, adinekoekin eta hainbat gaixotasunekin tratatzen dugu; horietako gaixotasun batzuk kutsakorrak dira. Oso txukunak eta metodikoak izan behar dugu garbiketa-lanetan, ospitalean dauden bitartean pazienteen bilakaera ona eta haien ongizatea aseguratzeko eta gainerako profesionalak eta pazienteen laguntzaileak eroso egon daitezen eta lan ona egin dezaten.

Hondakin biologikoekin eta elementu infekziosoekin kontaktuan gaude, eta horrek, gu arriskuan jartzeaz gain, berariazko formakuntza edukitzea eskatzen du, bai garbiketa egiteko, bai pazientearekiko tratuarekin loturiko egoera desberdinei aurre egiteko, kalitatezko zerbitzu publiko batean bilatzen den eta espero den bikaintasuna helburu.

Osasunbidean, garbiketako dozenaka langile ari gara, eta gure lana gainerako langileena bezain garrantzitsua da. Hala eta guztiz ere, langile «ez-sanitariotzat» hartzen gaituzte: osasun zentroetan lan egiten dugu, gaixoekin eta haien laguntzaileekin harremana dugu eta Osasunbideko eskubide osoko kideak gara, baina ez dugu aintzatespen bera. Horren adibide garbia da lanbide karreratik kanpo utzi izana, langile sanitarioei bakarrik aplikatzen baitzaie.

Horregatik, gure lana erreibindikatu nahi dugu, eta Osasunbideari eta Osasun Departamentuari exijitu nahi diegu ezar ditzatela behar diren mekanismoak lanbide karrera guri ere aplikatzeko. Gure lana ahalik eta bermerik handienarekin egin ahal izateko prestakuntza espezifikoa emango digun lanbide karrera behar dugu; arreta hobea ematea helburu, gure esperientzia osoa eskaintzeko bidea emanen duen lanbide karrera behar dugu, eta, batez ere, garbiketako langileen eginkizunak ere ezinbestekotzat jotzen dituen lanbide karrera behar dugu. Izan ere, Osasunbideko engranajearen zati horrek huts egiten badu, gainerako zerbitzuek ezin izanen dituzte beren eginkizunak behar bezala bete.

Garai bateko Nafarroako Ospitalearen atean bildu gara gure lanari ikusgaitasuna emateko eta argi uzteko ospitaleko garbiketa-zerbitzuak osatzen ditugun profesional guztiok ahalik eta zerbitzu onena eman nahi diegula herritarrei; horregatik eskatzen diogu Osasunbideari behar diren neurriak har ditzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.