Zuzendariari

Gallardoni

2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Nazkatuta, nekatuta, amorratuta… odola borborka daukat gorputz barruan. Orain emakumeoi gure sabel barrenekin eta gure bizitzekin zer egin behar dugun erabakitzeko eskubidea ere kendu behar diguzue.

Zoritxarrez, hurbileko pertsonengatik bizi izan dut zer den inoiz bizirik ikusi nahi ez duzun zerbait zure barrenean hazten ikusteko zorigaitza. Izugarria iruditu zitzaidan, une horretako protagonista bakarra den emakumeak zer sentitzen duenari buruz ezer ez dakiten, baina Osakidetzak «jakintsuen komitea» izenaz aurkezten dizkizun gizon taldeak erabaki behar izatea noiz eta nola atera behar duzun barruan daukazun hori. Baina oraingoa gehiegi da! PPk erabaki behar du zure bizitza betirako hipotekatu nahi duzun ala ez. Eta hori esatean ez ditut edozein ezintasun fisiko zein psikikorekin jaio direnak iraindu nahi. Baina, argi eta garbi uste dut norberak erabaki behar duela horrelako pertsona batekin bizitza konpartitzeak suposatzen duen borroka etengabean sartu nahi duen.

Ez dakit hori hurbiletik bizi izan duzun Gallardon jauna. Baina espero dut, hori bizi eta barruan zeukan izaki horren bizitza etetea erabaki duen zure alderdikide zentzuzkoren bat sofatik altxatu eta zure bulegora hurbilduko dela aurpegian zaplaztekoa emateko. Suposatzen dut zure alderdikideren batek egiten badu ez diozula «enaltecimiento» edo «apologia» leporatuko. Badakit horrelakoak ez direla politikoki zuzenak, baina amorrua hurbilekoengan deskargatzea baino, hobe ordenagailu aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.