Pasaia

Galdera bat (bi)

2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Kartela irakurtzen ari da. Pentsakor geratzen da une batez. Ondoren, guri begira, zera botatzen digu: zergatik dakitenek ez dute euskaraz hitz egiten? Aurki zazpi urte beteko ditu eta galdera-ontzi bete bat da.

Azaltzen diogu zergatik. Ziur aski batzuentzat epelkeriaz. Beste batzuentzat berriz, kontrakoa. Bidea jarraitzen dugu eta pentsakor jartzen naiz ni ere. Eta gero, albisteak irakurtzen ari naizela, azken egunotan hautsak harrotu dituen gaiarekin topo egiten dut berriro. Eta pentsatzen dut, agian, hor dagoela arazoaren gakoren bat. Izan ere, denok oinarrizko matematikak ezagutzen ditugun arren, askotan ez gara konturatzen batuketarik egiten ez duena kenketa dela. Esaten eta egiten dugunak eragin zuzena daukala bizitzako arlo guztietan. Baita esaten ez denak eta egiten ez denak ere. Hots, gauza batzuek «batu» egiten dute. Beste batzuek, ordea, «kendu». Eta gauza gutxi batzuek berdin uzten dute ekuazioaren emaitza. Hori da errealitatea, eta hizkuntzarekiko lotura ez da salbuespena.

Futbol txapelketa baten aurrean zer jarrera erakutsi behar den adierazteak ez ditu hiztunak gehitzen, eta ziur aski ez du ekuazioa berdin uzten. Eta gainera, nor naiz ni inoren atxikimendua epaitzeko, edo eta ondorioak ateratzeko? Batez ere futbola gustatzen ez zaidanean. Kanpotik ikusita, gainera, jendeari irabaztea gustatzen zaio, eta kitto. Bere taldeak jokatzen ez badu, beste bat hautatzen du berea balitz bezala, edozein aitzakia baliatuz. Bide batez, zein ligatan jokatzen du zure bihotzeko taldeak? Eta ahal izanez gero, zein ligatan jokatzen ikustea gustatuko litzaizuke?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.